AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/26 23:17

Oiartzungo (Gipuzkoa) Yakovlev 42 musika-taldeak adierazpen bat argitaratu du berriki, ikerketapean dagoela jakinarazteko. Joan den otsailean jaso zuten zitazio judizial baten zedula taldeko bi kidek, eta, zenbait egun beranduago, gainerako kideek eta dagoeneko taldearen parte ez den kide ohi batek jaso zuten jakinarazpen berdina.

Guztira, sei dira Yakovlev 42 taldearen letrengatik ikertuak izaten ari diren pertsonak. Guardia Zibilaren txostenak dio taldekideak euren "ikuspegi ideologikoarekin bat ez datozen guztienganako gorrotozko diskurtsoa elikatzen" ari direla, auzipetuek beraiek azaldu dutenez. "Letra guztiz iraingarri eta intoleranteak idaztea" egozten die Poliziak, baita kontzertuetan "zenbait jokabide erakustea eta indarkeria etengabe goraipatzea" ere.

Maiatzaren 6an, Donostiako Instrukzio Epaitegira

Akusazio horiek direla-eta, auzipetutako sei lagunek datorren maiatzaren 6an deklaratu beharko dute Donostiako (Gipuzkoa) Instrukzio Epaitegian, ikertu gisa. Itxura denez, zehazki, "gorroto-delitu" baten harira hitz egin beharko dute bertan. Ikerketa horrek aurrera egiten badu eta akusazio formal bat aurkezten bada, kartzela-zigorrak eska ditzakete sei ikertuentzat: urtebete eta lau urte artekoak izan daitezke zigorrak.

Adierazpen askatasuna

Egoera horretan, aldarri argi bat egin du Yakovlev 42 taldeak: adierazpen askatasunaren aldekoa. "Beste behin ere, eta oraingo honetan lehen pertsonan, guztiok izan beharko genukeen adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako eraso baten lekuko izaten ari gara", salatu dute kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK