ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/28 21:30

Langileon Nazioarteko Eguna da gaur, eta, aurten, mobilizazio deialdi bateratu bat egin dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek. Iruñeko (Nafarroa) Antoniutti plazatik abiatu da manifestazioa eguerdian, Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki aldarritzat hartuta.

"Maiatzaren Lehena langile mugimenduaren historia iraultzailea omentzeko eguna da. Chicagoko gertaeretatik ia mende eta erdi pasatu den arren, aginte kapitalistak bere horretan dirau eta langileok kapitalisten menpeko izaten jarraitzen dugu", adierazi dute Kontseilu Sozialistetako kideek manifestazioaren amaieran.

"1886tik buelta asko eman ditu historiak, eta garaipenak eta porrotak aldizkatuz joan dira. Langileriaren proposamen politiko osatuena, komunismoa, milioika pertsonarentzat ortzimuga izan zen XX. mende osoan zehar. Hainbat estatu ere egituratu ziren sozialismoaren izenean, eta horrek langileriarentzako hobekuntza handiak ekarri zituen arren, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa burutu gabe geratu zen", ekarri dute gogora. Horri lotuta, dena den, "aipamen berezia" egin diete "klaserik, eta, beraz, zapalkuntzarik gabeko jendarte baten alde bizitza eman duten guztiei": "Haien memoriagatik eta ondoren etorriko direnei bizitza hobea emateagatik egiten dugu borroka".

"Aipamen berezia egin behar diegu klaserik, eta, beraz, zapalkuntzarik gabeko jendarte baten alde bizitza eman duten guztiei. Haien memoriagatik eta ondoren etorriko direnei bizitza hobea emateagatik egiten baitugu borroka"

"Sozialdemokraziaren erruz, Maiatzaren Lehena folklore huts bilakatu da aspaldian, eta jaieguntzat hartzen dute askok borroka eguntzat hartu beharrean", seinalatu dute Kontseilu Sozialistek. "Egungo egoeraren balantzea egiten badugu, lan-baldintzen okertzea, bizitzaren garestitzea, gerra, eskubide politikoen ezabatzea eta abar luze bat dira ikusten ditugunak. Kapitalismoak bere onenak emanak dituela dirudi, eta garai bateko Ongizate Estatuaren ameskeriak desegin dira", ohartarazi dute.

Hala ere, "bada oraindik kapitalismoa erreformatu daitekeela sinetsi nahi duenik", Kontseilu Sozialistek nabarmendu dutenez: "Erdi mailako klasea eta bere alderdiak, sozialdemokrazia batez ere, horren erakusle dira. Egungo estatuen ustezko bertuteetan sinesten dute, horiek sozialdemokraziaren kontrolpean egonda kapitalismoari aurre egiteko tresna bihurtuko bailiran". Kontseilu Sozialisten esanetan, ordea, "Estatua kapitalismoaren baitako instituzio bat da, eta oligarken mandatuen arabera aritzen da". "Sozialdemokraziak estatu kapitalista langileriaren alde lerratzeko egiten dituen saiakera guztiak porrotera kondenatuta daude. Sobera ezaguna da hori jada", gaineratu dute.

"Estatua kapitalismoaren baitako instituzio bat da, eta oligarken mandatuen arabera aritzen da. Sozialdemokraziak estatu kapitalista langileriaren alde lerratzeko egiten dituen saiakera guztiak porrotera kondenatuta daude"

"Egunak joan eta egunak etorri langileon bizi-baldintzak okertzen ari dira, eta, bien bitartean, parlamentuko alderdiek promesak eta ilusio faltsuak baino ez dizkigute saltzen. Are gehiago hauteskunde garaian", salatu dute. "Alderdi horien ahotik errealitatea bestelakoa dela entzungo dugu, gauzak hobetzen ari direla eta beraien esku dagoen guztia egiten dutela herritarren interesak defendatzeko. Kontrara, herritarrenak baino, beraien interes partikularrak defendatzen dituzte: alderdikoak, estatusaren baitakoak, ekonomikoak", iritzi diote Kontseilu Sozialistek.

"Jakin badakigu instituzioak bankarien eta oligarken maileguetatik bizi direla, eta miseria eta murrizketak baino ezin ditugula espero horiengandik", jarraitu dute xehatzen: "Eskuinetik ezkerrera, alderdi horietatik batek berak ere ezin dio muzin egin oligarkiaren aginduei. Beraz, egungo alderdi instituzionaletatik batek berak ere ez ditu proletalgoaren interesak ordezkatzen".

"Egungo alderdi instituzionaletatik batek berak ere ez ditu proletalgoaren interesak ordezkatzen. Argi daukagu langileon bizi-baldintzen hobekuntzak ez direla politikari profesionalen eskutik etorriko, borrokatik eta langileon antolakuntza independentetik baino"

Azpimarratu dute, beraz, "langileon bizi-baldintzen hobekuntzak ez direla politikari profesionalen eskutik etorriko, borrokatik eta langileon antolakuntza independentetik baino". "Ezinbesteko zeregina da egungo baldintzetara egokitutako alderdi komunista handiak eraikitzea", aldarrikatu dute.

Kontseilu Sozialistek berretsi dute "alternatiba sozialista eraikitzea" dela egin duten hautua; alegia, "bankarien eta enpresari handien eraginetik kanpo jardutea, langileon interesak defendatuz, eta hori guztia sozialismoaren norabidean kokatuta egitea; eta, militantzian, eskuzabaltasunean eta balore unibertsaletan oinarrituta aritzea".

"Estatu Sozialista da langileon ortzimuga, eta horretarako bitartekoa alderdi komunista. Hori guztia egunez egun, borroka bakoitzean eta estrategikoki arituta erdietsiko dugu", esan dute. Azaldu dute, hain justu, "helburu horiek egikaritzeko" asmoz ari direla lanean Euskal Herriko Kontseilu Sozialistetatik. "Behin betiko kapitalismoarekin eta horrek sortzen duen sufrimendu guztiarekin amai dezagun".

"Estatu Sozialista da langileon ortzimuga, eta horretarako bitartekoa alderdi komunista. Hori guztia egunez egun, borroka bakoitzean eta estrategikoki arituta erdietsiko dugu"

NO HAY COMENTARIOS