Txantreako Maiatzak 1 Gaztetxearen aurkako epaiketa maiatzaren 12an

Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Maiatzak 1 Gaztetxearen kontrako prozesu judizial bat dago zabalik, eta "auzoari zabaldutako proiektuari jarritako oztopoen" barruan, epaiketa bat izango da laster. Izan ere, bi gazte epaituko dituzte maiatzaren 12an, Gaztetxeko kideek aurreko ostiralean agerraldi baten bidez jakinarazi zutenez. 

"Gure elkartasun eta indar guztia helarazi nahi dizkiegu auzoko bi gaztei, lan desinteresatua egiteagatik eta Gaztetxearen proiektua elikatzeagatik jazarriak izango direlako", seinalatu zuten prentsaurrekoan. Horrekin batera, nabarmendu zuten "Gaztetxean dihardugun kideok gure oinarri politikoetan tinko mantenduko garela eta okupazioaren zein langile-klasearen independentzia politikoan berretsiko garela". Hainbat ekimen antolatu dituzte maiatzaren hasierarako, Maiatzak 1 Gaztetxea aurrera! aldarritzat hartuta: Gaztetxearen aldeko giza-kate bat egingo dute datorren maiatzaren 1ean, eta egitarau bat egingo dute maiatzaren 9an. Laster emango dituzte xehetasunak.

Txantreako Gazte Langileon Asanbladak, Hausturak, 2025eko urriaren bukaeran jakinarazi zuen Gaztetxe berri bat ireki zuela auzoan. Asanblada duela bi urte sortu zuten, eta "ordutik lanean ibili gara aisialdi alternatiboa eskaintzen eta auzoko gazteak antolatzen eta politizatzen", ostiraleko agerraldian gogorarazi zutenez. "Gazte askoren lan militanteari esker" lortu zuten Gaztetxe berria irekitzea eta martxan jartzea, eta, geroztik ekimen ugari egin dituzte bertan, "auzoko jendearen partaidetzarekin batera komunitate sendoa indartuz". Horren isla dira espazioan izaten ari diren obrak, kirolari eta kulturari lotuta martxan dituzten lanketak eta ekimenak, gazteen hausnarketa eta formakuntza politikoa sakontzeko irekitako espazioak eta abar.