Macronek atzera egin du eta onartu du ez dagoela baldintzarik Ormuzko misio baterako
— ARGAZKIA Emmanuel Macron (X)

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo onartu zuenez, Ormuzko itsasartean itsas-merkataritza bermatuko duen misio militarra egiteko "baldintzak ez dira betetzen", eta "gerra-eremu" gisa egin zion erreferentzia gune horri, EFE agentziaren arabera. Agentzia horrek jasotako adierazpenetan, dena den, Macron tematu egin zen esanez beharrezkoa dela operazio hori "antolatzea", merkantzia-ontziei eskolta emateko, eta badirudi kontraesanean daudela errealitatearen diagnostikoa eta esku hartzeko borondate politikoa. AEBek eta Israelek Irango Errepublika Islamikoaren aurka egindako erasoaldiaren hamabigarren egunean iritsi dira adierazpenok. Oldarraldi horren ondorioz, Teheranek de facto blokeatu du AEBetako eta Israelgo aliatuen joan-etorria, munduko petrolio-merkataritzaren %25 inguru igarotzen den bide estrategikoa itxiz.

Frantziako Errepublikako estatuburuaren hitzek agerian uzten dute Mendebaldeko herrialdeek energia-hornidura bermatzeko dituzten zailtasunak, gerrari babesa ematen dioten bitartean. Ormuzko itsasartea konfrontazioaren epizentroa bihurtu da, eta Iraultza Islamikoaren Zaindarien Indarrek ohartarazi dute eraso egingo dietela AEBetako edozein ontziri edo hura zeharkatzen saiatzen diren aliatuei. Are: enbaxadore estatubatuarrak eta israeldarrak kanporatzen dituzten herrialdeei bakarrik eskaini die bide librea Iranek. Frantzia, eskualdean interes ekonomiko handiak dituena eta Golkoko petrolioaren mende dagoena, egoera delikatuan dago oraintxe; Aliantza Atlantikoarekiko leialtasunaren eta bere enpresei eta biztanleei energia-hornidura bermatzeko beharraren artean harrapatuta, hazkunde ekonomiko ahularen eta finantza-arazoen erdian. 

Ziprera bidean Charles de Gaulle hegazkin-ontzi nuklear frantziarrari Cristobal Colon fragata espainiarrak eskolta eman ostean hartu du hitza Macronek. Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak "Ormuzko edozein operaziotatik kanpo" kokatu zuen misio hori. Bien bitartean, Energiaren Nazioarteko Agentziak bere historiako petrolio-erreserben askatzerik handiena (400 milioi upel) onartu du, prezioen krisiari aurre egin ahal izateko. Fatih Birol zuzendari exekutiboaren hitzetan, neurri hori "beharrezkoa da, baina ez da nahikoa itsasartea berriro ireki gabe". 

Mendebaldeko potentziek, eta bereziki Europak, paradoxa bat dute. Herrialde horiexek lagundu zuten Iranen aurkako bonbardaketetan, baina, orain, onartzen dute beraiek blokeatzen lagundu zuten bidea "gerra-eremu" bat dela, non ezin duten nabigazioaren segurtasuna bermatu. Bitartean, ikara zabaldu da energia-merkatuetan, eta Ekialde Ertaineko eta Europako biztanleak ari dira horren guztiaren ondorioak ordaintzen, maila desberdinetan.