Atzo, hilak 12, Lorratz Emakume Taldea aurkeztu zuten Leioako (Bizkaia) campusean. Hainbat taldekidek 13:30ean egin zuten aurkezpena, eragilearen sorreraren berri emateko. "Emakume langileen askapen prozesu eraginkorra martxan jartzea" izango dute helburu, "sozialismoa" oinarri modura hartuta eta "desjabetuon heziketa politikoaren garrantziari" azpimarra jarrita.
Hala, Lorratzen parte hartzeko deia luzatu zieten Leioako campusean ikasten duten emakume langileei. "Iraganeko aztarnei jarraipena ematera" eta "marka uzteko asmoz" datozela iragarri dute.
HAINKA bidegurutzean
Leioako campusean jarduten duen HAINKA Ikasle Feministen Taldean kokatu du bere jatorria Lorratz Emakume Taldeko kideek. Azaldu dutenez, ikasturte hasieran, ildo politiko desberdinak barnebiltzen dituen HAINKA taldearen aldeko apustua egin zuten, baina ez ziren "erantzun errealak" emateko gai izan hala. Campusean egon zitezkeen beharrak asetzeko ezintasun horrek "barne-liskarrak" areagotu zituela diote, eta ondorioz, bertan nagusitu ziren ildo politikoek euren bidea jarrai zezatela erabaki zuten. Aurrerantzean, beraz, HAINKAk koordinadora izaera izan beharko lukeelakoan daude.
Hedapena
Hiru dira dagoeneko, Hego Euskal Herriko campusetan, genero problematika klase ikuspegitik lantzearen aldeko hautua egin duten taldeak: GUET Gasteizen (Araba), Arrakala Ibaetan (Gipuzkoa) eta sortu berri den Lorratz Leioan.