ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/29 15:50

Azken urtean estatu sionistak eraildako libanoarren %6 larrialdietako langileak ziren, hau da, 2.710 hildakoetatik 168. Gehienak medikuak, erizainak edo suhiltzaileak ziren, eta, hainbat iturrik salatu dutenez, langile horiek erailtzea ez da albo-kalte bat izan, Israelgo Estatu terroristaren helburuetako bat baizik. Zauritu eta hildako kopuruaren arteko ezberdintasun txikiak hori iradokitzen du: esan bezala hildakoak 168 dira, eta zaurituak 275.

Sionistek zuzenean jaurti dituzte misilak Libanoko biktimak artatzera zihoazen anbulantzien kontra, baita osasun-etxeen kontra ere. Horrela, zortzi ospitale zerbitzuz kanpo utzi dituzte jada, eta beste zazpi ez daude %100ean erabilgarri. Firas Abiad Libanoko Osasun ministroaren esanetan, estatu terroristak "berariazko" kanpaina "sistematiko" bat abiatu du, herrialdeko osasun-sistemaren aurka.

Osotara 58 eraso egin ditu Israelgo Estatuak Libanoko ospitaleen eta kliniken aurka, beste 158 anbulantzien kontra, eta 72 suhiltzaile edo salbamendu-ibilgailuen aurka, aurtengo urriaren 8tik hona. Datuen eta lekukoen arabera, argi dago Gazako Zerrendan erabili duten estrategia berdina aplikatzen ari direla sionistak: larrialdi- eta osasun-langileak "itu zilegi" bezala hartzea, eta horiei erasotzea.

Gazako osasun-sistemaren aurkako erasoak sistematikoak dira

Azken urtean sistematikoak izan dira sionistek Gazako osasun-sistemaren kontra egindako erasoak: ospitaleak, osasun-instalazioak, anbulantziak eta salbamendu-ibilgailuak erasotu dituzte 2023ko urriaren 7tik hona. Osasun-etxeen aurkako 500 eraso inguru erregistratu dituzte Gazako Zerrendan, eta horien ondorioz 747 palestinar erail eta beste 969 zauritu ditu estatu sionistak.

Horrela, Gazako osasun-etxe gehienak daude suntstituta edo kaltetuta. Palestinarekin Elkartasuna plataformak salatu izan duenez, Israelgo Estatuak 523 osasun-langile hil zituen 2023ko urriaren 7tik 2024ko urriaren 7ra bitartean, eta 717 langile zauritu. Hori ez ezik, osasun-sarearen aurkako azpiegitura txikitu dute sionistek, eta ospitaleen %89 partzialki kaltetuta edo guztiz suntsituta daude.

"Abisuzko misilak" botatzen dituzte sionistek, osasun-langileak mehatxatuz

El País egunkariak dioenez, Libanoko osasun-langile askok antzeko bizipenak izan dituzte. Estatu sionistaren eraso terrorista bat dela-eta zaurituak artatzera bertaratzen direnean, bidean daudela, anbulantziei egiten diete eraso soldadu sionistek: "abisu" modura egiten dute, anbulantziek aurrera egin ez dezaten. Beste batzuetan, ordea, aurrez bonbardatutako eremu bati berriro erasotzen diote sionistek, medikuak eta osasun-langileak bertara iritsi direnean.

Erasorik bortitzena, itxura denez, aurtengo urriaren 7an jazo zen, Baraashit larrialdi-zentroan. Eraikinari eraso zioten sionistek, eta hamalau suhiltzaile erail zituzten bertan. Israelgo indarrek defendatu zuten "Hezbollahren operatibo terroristen" aurkako eraso bat izan zela hura, eta adierazpen baten bidez mehatxu egin zuten: "Erakunde terroristarekin distantzia mantentzea eta ez kooperatzea eskatzen diegu talde medikoei".

NO HAY COMENTARIOS