ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/11 18:26

Hilabete honen bukaeran epaituko dituzte Leioako 5ak, Bilbon (Bizkaia), 2016ean Leioako (Bizkaia) campusean izandako manifestazio batean parte hartzeagatik. 40 urteko espetxe-zigorrak (hamazazpina urtekoak bi lagunen kasuan) eta 45.000 euroko isun ekonomikoak eskatzen dituzte auzipetutako bost kideentzat. Irailaren 27a heldu aurreko asteak, beraz, mobilizazio asteak izango dira: errepresio politikoaren kontra, Leioako 5ak aske gera daitezela exijituko dute hainbat protestaren bidez.

Auzipetutako pertsonen eskualdeetan egingo dituzte mobilizazioak; baita Leioako campusean ere, Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, kasu horretan. Altsasun (Nafarroa) izango da lehenengo manifestazioa, larunbat honetan: 18:00etan Zelanditik aterarako da. Irailaren 21ean, berriz, Leioako (Bizkaia) campusean mobilizatuko dira Leioako 5en alde. 13:00etan elkartuko dira ikasleak Mikel Laboa plazan.

Handik bi egunera, irailaren 23an, bost hitzordu izango dira, auzipetutako bakoitzaren eskualdean. Zehazki, hitzorduak jarri dituzte 11:00etan Baionako (Lapurdi) Herriko Etxe aurrean, 12:00etan Lizarrako (Nafarroa) bus geltokian, 13:00etan Altsasuko udaletxe aurrean, eta 19:00etan Iruñeko (Nafarroa) Konpainia plazan nahiz Portugaleteko (Bizkaia) Triangeluan.

Hilabeteko azken asteazkenean, irailaren 27an, izango da Leioako 5en aurkako epaiketa, eta egun horretan ere mobilizatzera deitu dute. 09:00etan epaitegi aurrera bertaratzeko deia zabaldu dute; alegia, Bilboko Albiako lorategietara.

Bitartean, martxan jarraitzen du Leioako 5ei jarri nahi dieten isunari aurre egin ahal izateko Elkartasun Kutxak. Kutxa horren bidez, ekarpen ekonomiko bat egiteko aukera du edonork, ondoko lotura honetan: https://www.helloasso.com/associations/elkartasun-kutxa/formulaires/3.

Auzipetuetako bik, Gabi Daraspek eta Ander Mazkiaranek, iaz azaldu zioten GEDAR LANGILE KAZETAri 2016ko manifestazioan eta horren ondoren gertatutakoa, elkarrizketa honen bidez.

NO HAY COMENTARIOS