Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak antolatuta, Legution (Araba) egitekoak ziren espazioen gaineko langile kontrolari buruzko jardunaldiak datorren asteburuan. Dena den, EH Bilduk gidatutako Legutioko Udalaren debekua dela-eta, jardunaldiak lekualdatu behar izan dituzte: Azpeitian (Gipuzkoa) izango dira azkenean, larunbatean eta igandean, "bertan ditugun espazioek jardunaldiak modu seguruan aurrera eramateko adina baldintza eskaintzen dizkigute-eta".
Errakik salatu du, dena den, ez dela Legutiokoa izan jardunaldiak oztopatu dituen udal bakarra: EH Bildu buru duten Azpeitiko nahiz Zestoako (Gipuzkoa) udalen partetik ere izan dira "debekuak eta zailtasunak". "Eusko Jaurlaritzaren 'gomendio' batzuetan oinarrituz, jardunaldiak egiteko baimena ukatu digute aipatutako udalek, burutzen ari diren bestelako ekimen politiko eta kulturaletan bezala, osasun neurri guztiak betetzeko konpromisoa adierazi dugun arren".
Askatasun politikoen urraketa
Azken asteetan "oinarrizko askatasun zibil eta politikoen aurkako neurriak indartu" direla azaldu du Errakik, besteak beste, "Covid ziurtagiriak, konfinamenduak edota ekimen politiko zein kulturalen debekuak". Neurri horiek ez dutela "osasun aterabide erreal bat eskaintzen" nabarmendu du; "kontrara, proletalgoaren gaineko kontrol soziala indartu eta antolakuntza politiko independentea zailtzen duten neurriak dira".
"Oinarrizko askatasunak urratzen dituzten neurri horiek alderdi politiko instituzional guztien babesarekin ezarri dira, alderdi sozialdemokrata guztiak barne", seinalatu du Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak: "Horien artean, EH Bildu lehen lerroan dago aipatutako neurrien ezarpenean".
Manifestazioa igandean
"Langile Kontrolpeko Espazioak dira alderdi kapitalistekiko independentea den politika garatzeko bermea, eta oraingo honetan ere horrela ikusi da", azpimarratu du Errakik: "Estatu burgesen joera totalitarioak definitzen duen testuinguru honetan, beraz, beharrezkoa ikusten dugu Langile Kontrolpeko Espazioen aldeko aldarria kalera ateratzea". Hain justu, jardunaldietako egitarauaren barruan, manifestazio bat antolatu dute igande arratsalderako. 18:30ean hasiko da mobilizazioa Azpeitiko plazatik, Askatasun politikoak defendatu, Langile Kontrolpeko Espazioak hedatu! aldarripean.
Jardunaldiak, hala ere, larunbatean hasiko dira Esklabak Zentro Sozialistan izango da harrera, 16:00etan. Orduan azalduko dituzte xehetasun guztiak.
Hona hemen Espazioen gaineko langile kontrola jardunaldien egitaraua, osorik:
Abenduak 4, larunbata
Abenduak 5, igandea