AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/10/29 15:01

Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak langile kontrolpeko espazioen inguruko jardunaldiak egingo ditu abendu hasieran, Legution (Araba). Atzo eman zuen jardunaldien berri Errakik: bi eguneko egitaraua antolatu dute, eta langile kontrolari lotutako hainbat gai izango dituzte hizpide, hala nola, Euskal Herriko okupazio mugimenduaren historia, etxebizitzaren auzia (analisia, erronkak eta ikuspegiak) eta jabetza pribatuaren defentsa mekanismoak, desokupazio enpresak kasu.

Errakiko kideen arabera, "kapitalismoa gainbeheran dago", eta berezkoa zaion krisiak gero eta pobrezia gehiago dakar proletalgoarentzat: "Dirurik gabe bizi-baliabideetara sarbiderik ez dagoen gizarte honetan, alokairuek gora eta soldatek behera egiten duten honetan, gero eta gehiago dira etxebizitza ordaindu ezin dutenak, etxegabetze arriskuan daudenak edo azken aukera okupazioan aurkitzen dutenak".

Testuinguru horretan, ofentsiba burgesa "oso bortitza" izaten ari dela azpimarratu du Errakik, eta ofentsiba hori proletalgoari "miserian eta askatasun ezan oinarrituriko bizi-eredu bat" inposatzera datorrela. Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearen hitzetan, "ofentsiba horren lekuko izaten ari dira zentro sozialak, gaztetxeak zein gizarte kapitalistari aurre egiteko xedez irekitako espazio okupatu oro". "Okupazioaren aurkako ofentsibak ez du etenik, eta gero eta zailagoa bihurtzen ari da langile kontrolpeko espazioen existentzia bera", adierazi du.

Era berean, Errakiko kideek azaldu dute "lehen lerroko" eginkizun gisa dutela "orain arteko esperientzia historikoetatik ikastea, koiunturaren gaineko analisia garatzea eta espazioen defentsa gidatuko duen komunitate indartsu bat sortzeko ditugun erronken inguruan hausnartzea". Azpimarratu dute horretara datozela Legutioko jardunaldiak; hain justu, "aipatutako printzipioekin bat egiten dutenen bilgune izatera".

Sarrerak eta xehetasunak, aurrerago

Salgai izango dira abenduaren 4ko eta 5eko jardunaldietarako sarrerak, eta datozen egunetan emango dituzte sarreren inguruko xehetasunak: prezioak, salmenta puntuak, eta abar. Egitarauaren inguruko zenbait xehetasun ere emango dituzte, baita informazio praktikoa ere.

EZ DAGO IRUZKINIK