ACTUALIDAD / Represión
Lau urteko espetxe zigorra eskatu dute Donostian aurreko abenduan atxilotutako gazte batentzat
Donostiako Alde Zaharrean izandako hainbat polizia-jazarpen kasu salatzeko mobilizazio baten ostean, berriro oldartu ziren poliziak abenduaren 14an, eta istilu handiak eragin zituzten. Besteak beste, gazte bat atxilotu zuten, eta lau urteko zigorra eskatu dute harentzat.
2021eko abenduaren 29
Lau urteko espetxe zigorra eskatu dute Donostian aurreko abenduan atxilotutako gazte batentzat

Aurreko abenduan eta aurtengo urtarrilean zehar, pandemia aitzakiatzat hartuta, Donostiako (Gipuzkoa) Alde Zaharra erabat militarizatu zuten polizia-indarrek. Hainbat egunetan oldartu ziren kalean zeuden gazteen aurka; guztira hamasei lagun atxilotu zituzten eta beste dozenaka pertsona identifikatu zein kolpatu zituzten.

Urtebete beranduago Parte Zaharra Aske plataformako kideek azaldu dutenez, "atxilotuetako asko zigor handietarako arriskua duten epaiketei aurre egin beharrean aurkitzen dira". Datozen hilabeteetan epaitua izango den pertsonetako batentzat, hain zuzen, lau urteko espetxe zigor eskaera egin dute "desordena publikoak eragitea eta aginteari eraso egitea" egotzita.

Iazko gertaerak

2020ko abenduaren 14an, Auzoak defendatu, errepresiorik ez! lelopean, 400 bat pertsona batu ziren Donostiako Alde Zaharrean, aurreko asteetan zehar izan ziren polizia-jazarpen kasu guztiak salatzeko. Manifestazioa bukatu eta berehala, gazteen aurka oldartu ziren polizia-agenteak berriro ere, istilu handiak eraginez.

Bideo batzuetan, liskar horietatik kanpo ageri da lau urteko zigor eskaera jaso duen gaztea. Askatasun Hiribidean, Ertzaintzak "modu guztiz arbitrarioan eta inolako justifikazio gabe" atxilotzen duela ikus daiteke irudietan, salatu dutenez. Muntaia polizial bat gehiago dela diote plataformako kideek, eta "errepresioak ordena sozial kapitalista bermatzerakoan betetzen duen funtzioa" salatu dute.

Atxilotutako gaztea espetxeratze arriskuan dagoela salatzeko eta haren absoluzioa exijitzeko kontzentraziora deitu du plataformak, urtarrilaren 3rako. Arratsaldeko 19:00etan izango da protesta, Konstituzio plazan.