Iragan asteazkenean, hilak 10,
Patxi Ruiz preso politikoak amaitutzat eman zuen maiatzaren 11n hasitako gose greba. Hasiera
batean, gose eta egarri grebari ekin zion Ruizek, eta 12 egunera eten
zuen egarri greba. Hala ere, beste 19 egun egin ditu gose greban, 31 egun jarraian bete arte.
Ruizek hasi zuen borrokaldiarekin elkartasunez, Amnistiaren Aldeko eta
Errepresioaren Aurkako Mugimenduak beste mobilizazio bat deitu zuen aurreko larunbaterako,
hilak 13, Bilbon (Bizkaia). EAJren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin
ostean, Bizkaiko hiriburuko kaleak zeharkatu zituzten manifestariek.
Ibilbidearen amaieran, hainbat adierazpen egin zituzten deitzaileek. Ruizi eskerrak eman zizkioten, "borroka egiteak merezi duela" eta "zutik eta harro irautea posible dela" erakusteagatik. Txantrearrak abiatutako borrokaldiak Euskal Herriko kaleak astintzea eragin badu ere, "kartzelaren gordintasuna agerian utzi" duela azpimarratu zuten.
Kartzeletan hedatutako
elkartasuna borrokaldi honetan ezinbestekoa izan dela ere nabarmendu zuten AAEAMeko kideek. Preso politiko ugarik ekin zioten borrokari Ruizekin bat eginez, eta besteak beste, "txapeoak" edota gose grebak egin dituzte azken asteotan.