Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak goizean eman du Iñaki Bilbao Goikoetxea preso politikoaren ekinbidearen berri: gose greba mugagabea hasi du "Euskal Herria independente, sozialista, batua eta euskalduna" aldarrikatzeko xedez. Puerto III (Cadiz, Andaluzia) espetxean dute gatibu Bilbao; orotara, 36 urtetik gora egin ditu preso dagoeneko.
Mugagabeko baraua hastea ez ezik, ziegatik "ezertarako" ez ateratzea ere erabaki du preso politikoak; ez du, beraz, patioko ordurik ez inolako komunikaziorik edukiko, ez bisitarik ezta telefonozko komunikaziorik ere. "Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak albiste hau jaso eta bat egiten du Iñaki Bilbao Goikoetxea Txikito-ren helburuekin", adierazi dute gaur goizeko oharrean: "Beste berririk izan gabe, Txikito-k aurrera daraman borrokak sortuko dituen egoerei elkartasuna adierazteaz gain, adi egoteko eskatzen du mugimenduak".
Borrokaldiak
36 urtetik gora egin ditu preso Bilbaok; 18 urte eta erdikoa izan zen bere lehen espetxealdia, eta beste hainbeste daramatza bigarren aldi honetan. Borrokaldi ugari eraman izan ditu aurrera urte horietan guztietan. Duela hiru urte, esaterako, gose greba mugagabeari ekin, eta 30 egun egin zituen baraualdian. Iaz uko egin zien bisitei, horiek eskuburdinekin egitera behartzen zutela salatzeko, eta lortu zuen hori aldatzea azkenean.
Igor Gonzalez preso politikoaren erailketa dela eta, bestalde, 24 orduko baraualdia egin dute Patxi Ruiz, Jon Kepa Preciado, Mikel San Sebastian eta Dani Pastor preso politikoek.