IKAS Ikasle Autodefentsa Sareak borroka-prozesuak abiatu ditu Euskal Herriko hainbat ikastetxetan, Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña! dinamika martxan jartzean iragarri bezala. Gabonetako oporraldian zehar ikasle asanblada irekiak egin dituzte hainbat eskualdetan, esku artean zituzten borroken nondik norakoak azaltzeko eta ikasle guztiei parte hartzeko gonbita luzatzeko.
IKASek kanpaina berria hasi zuenetik, autoritarismoaren auziaren inguruko sozializazio-lanean jardun dute plataformako kideek. Horrekin batera, "hainbat autoritarismo forma" ahalbidetzen dituzten problematiken tokian tokiko analisia egin dute. Gauzak horrela, heziguneetan borroka zehatzei heltzeko pausoa eman dute zenbait txokotan.
DEBAGOIENA
Debagoienako IKASek Bergarako (Gipuzkoa) Aranzadi Ikastolako zuzendaritzari eskaera bi luzatu dizkio: "Ikastolan ikasleak antolatzeko eskubidea bermatzea eta bertako patioan mobilizatzeko eskubidea onartzea". Horren harira, borrokaldia aurkezteko hitzaldia izan dute larunbat honetako eguerdian.
DURANGALDEA
Durangaldean (Bizkaia) bi jardunaldi egin dituzte Gabonetan, "IKASen kanpaina aurkezteko eta eskualde mailako proposamena garatzeko". Datozeen asteei begira, aldarrikapen bat plazaratu dute Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan: "Azterketa bidez, asko jota, nota osoaren %60 ebaluatzea".
GASTEIZ
Gasteizen (Araba) sei ikastetxetan abiatu ditu borrokaldiak IKASek, tokian tokiko aldarrikapenekin. Unamuno ikastetxean, adibidez, "classroomen erabilera autoritarioa aldatzeko eta ikasleen ikasketa prozesuaren autonomia babesteko" egingo dute lan.
GOIERRI
Goierrin (Gipuzkoa) sinadura-bilketari ekin dio IKASek, "ikasleen interesekin bat datorren azterketa aste baten alde". Beasaingo Txindoki institutuan piztu dute dinamika, eta ondorengo baldintzak betetzea eskatzen dute ikasleek:
TOLOSALDEA
Tolosaldean (Gipuzkoa) IKASek lau ikastetxetan hasiko ditu autoritarismoaren aurkako dinamikak, hain zuzen, Ibarrako Uzturpen, Tolosako Orixen zein Laskorainen eta Alegiko Aralarren. Guztietan "askatasun politikoak bermatzea" exijitu dute ikasleek, "elkarretaratzeak ikastolaren eremu barruan egiteko eskubidea", adibidez.
Ikasleen askatasun politikoen urraketari eta bestelako mekanismo autoritarioei aurre egiteko baliabideak martxan jarri dituela ohartarazi du IKASek, eta aurki sare sozialen bidez emango dute prozesuaren aurrerapenen berri.
UROLA ERDIA
Urola Erdian (Gipuzkoa) "ikastetxeetako beharrei erantzuna emateko plangintza" garatu du IKASek. Bide horretan, honako eskakizuna luzatu diote Azpeitiko Urola Ikastola BHI institutuko zuzendaritzari: "Astero, gutxienez ordubetez, ikastetxeko gela bat uztea" ikasleei. Izan ere, une honetan ukatua da "adin desberdineko ikasleen artean biltzeko eskubidea", eta horrekin, ikasleek "ezin dute lan politikoa behar bezala egin". Elkarrizketa mahai bat osatzeko eskakizuna ere luzatu diote zuzendaritzari.
BURUNTZALDEA
Buruntzaldeko (Gipuzkoa) ikasleek ere autoritarismoaren aurkako borrokaldiari heldu diote Hernani BHI Institutuan. Ondorengo aldarrikapena aurkeztu diote zuzendaritzari: "Justifikatu gabeko falten kopuruak ez dezala kendu azterketa asteko azterketa egiteko eskubidea". Gainontzeko eskualdeetan bezala, "ikasleriaren antolakuntza" ezinbestekotzat jo dute IKASeko kideek, eta abiaraziko dituzten ekintzetan parte hartzera dei egin diete ikasle guztiei.