AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: IKAS
2020/12/09 00:43

IKAS plataformak atzo gauean argitaratu zuen Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña! izeneko kanpaina berria. Hezkuntza esparruko eragilearen ustez, pandemiaren testuinguruak "hezkuntza sistemak berezko zituen egiturazko arazoak" bistaratu ditu. Adibidetzat jarri du zuzendaritzek "antolakuntza zailtzeko salbuespen neurriak" hartu izana, baita "ikasleen gaineko erabakimen gaitasuna areagotu" izana ere.


Plataformako kideek "egiturazko joera gisa" identifikatzen dute autoritarismoa, alegia, "etor daitekeen gizarte-ereduaren ezaugarri nagusi gisa". Adierazi dute, hala, "boterearen arbitrariotasunean" oinarritu daitekeela datozen urteetako eredua. Ondorioz, autoritarismoaren aurkako kanpaina jarri dute martxan, "ikastetxeetan gauzatzen den boterearen arbitrariotasuna salatzeko eta desegiteko". Bide horretan, autoritarismoaren auzia ezaugarritzen duten lau fenomeno identifikatu ditu IKASek.


INFANTILIZAZIOA


"Hezkuntza sistemaren eta horrek beharrezko dituen aktoreen bitartez" gauzatzen da infantilizazioa IKASeko kideen esanetan. Ikasleek euren egunerokotasunean duten "erabakimen-gaitasun eza" horren adierazle dela argudiatu dute, ikasleen bizitza ikasketa prozesuan "erabat menpekoa" dela seinalatuz.


DIZIPLINAMENDU HUTSA


"Hezkuntza diziplinamendu prozesu gisa" egikaritzen dela ere azaldu dute: "Memorian oinarritutako ikasteko forma ebaluatzen da soilik", diote. Hortaz, IKASek uste du egungo eredu pedagogikoak "ez duela ezagutza erreala bultzatzen".


KONTROL SOZIALA


Ikasketa prozesu osoa, bestalde, "klaseen derrigorrezkotasunean" oinarritzen dela diote plataformako kideek, "ordutegi zorrotza" eta "asistentzia falten aurreko zigorrak" adibide. Baina, hori ez ezik, "kameren zein plataforma digitalen bitartez" ere ezartzen da kontrol soziala, IKASen arabera. Azkeneko mekanismo horiek, bereziki, "pribatutasunaren aurkako eraso zuzen" modura kokatu ditu.


ASKATASUN POLITIKOEN MURRIZKETA


COVID-19aren aitzakiapean hainbat salbuespen neurri ezarri izana ere salatu du plataformak; "biltzeko lekuen murrizketa" eta "lan politikoa eta propaganda egiteko traba ugariak", besteak beste. Horrek "antolakuntza politikorako antolakuntza-bitartekoen etena eta ezeztapena" dakartzala adierazi du, eta bide batez, salatu du "etengabe epaituak eta seinalatuak" izan direla ikasle antolatuak.


ALDARRIKAPENAK


Hiru aldarrikapen nagusi egin ditu IKASek,  autoritarismoari eta kontrol sozialari aurre egiteko. Hain zuzen, ondorengo eskakizunek ardaztuko dituzte kanpainan zehar jarraituko dituen lan-lerroak:


  1. "Ikasleriak ikasketa prozesua kudeatzeko autonomia edukitzea".
  2. "Ikasleria subjektu politiko gisa aitortua izatea, horrek dakarren guztiarekin: sindikatzeko eskubidea eta hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzea".
  3. "Kontrol soziala egikaritzen duen baliabide errepresibo oro bertan behera uztea (kamerak, plataforma digitalak…)".

Azkenik, kanpainara batzeko deia luzatu dio Euskal Herriko ikasleria langileari eta aldarrikapenekin bat egiten duten eragileei. "Autoritarismoari aurre egiteko bide bakarra, eskutik doazen antolakuntza eta batasuna baitira", ondorioztatu du.