Aiaraldea.eus-ek jakinarazi duenez, langile guztiak kaleratuko dituzte Amurrioko (Araba) Valvospain Industrial lantegian. Aurreko urteko martxotik aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean egon ostean, iraungitze espedientea ezarriko diete orain. Modu horretan, Amurrion balbula industrialak soldatapean ekoizten dituzten 79 beharginak kanporatuko dituzte haien lanpostuetatik.
Enpresa 2019ko udatik dago hartzekodunen lehiaketan eta, antza, hiru eroslek erakutsi dute interesa. Seinale gisa jarri beharreko diru kopurua ez dute ordaindu ordea, epea urtarrilaren 29an bukatu bazen ere. Horrek lantokiko langile guztiak zuzenean kaleratzea eragingo luke.
Aiaraldea.eus-ek jaso du Valvospainen ibilbidea. 1928an sortu zuten enpresa, Lazaro Ituarte izenarekin. Dena den, Fluval eta MTS enpresekin elkartu zen 2006an, eta izen berria hartu zuen. 2019ko ekainean hartzekodunen lehiaketara aurkeztu eta gero, greba mugagabeari ekin zioten langileek, eta hilabetez egin zuten borroka. Zuzendaritzak zor zizkien soldatak ordaintzea, une horretan enplegu-erregulazioko espedienterik ez ezartzea eta lan-baldintzak mantentzea lortu zuten, besteak beste.