ACTUALIDAD / Muertes laborales
Langile bat 'in itinere' hil da Tuteran, eta beste bat Idiazabalen, basogintza-lanetan ari zela
Langile batek astelehenean izan zuen lan-istripua Tuteran, lanetik bueltan. Astearte goizean, bestalde, pinu batek hartu zuen azpian basoko behargin bat. Aurten gutxienez 38 lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.
2022eko ekainaren 15
Langile bat 'in itinere' hil da Tuteran, eta beste bat Idiazabalen, basogintza-lanetan ari zela
— ARGAZKIA Foruzaingoa

Azken egunetan, gutxienez bi lan-heriotza atera dira argitara Euskal Herrian. Batetik, astelehen arratsaldean, 16:00ak aldera, trafiko-istripua izan zuen langile batek Tuteran (Nafarroa), in itinere. Antza, lanetik bueltan zela, talka egin zuten 26 urteko beharginaren autoak eta kamioi batek.

Astearte goizean, bestetik, Idiazabalgo (Gipuzkoa) Urtsuaran basoan izan zuen lan-istripua basoko langile batek. Dirudienez, pinudi batean ari zen lanean 49 urteko langilea, enborrak mugitzeko makina batekin; pinu bat erori zitzaion gainera.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez 38 langilek galdu dute bizia haien lanpostuetan edo lanera bidean. Ekainak 15 ditu gaur, eta hilabete honetan hamar lan-heriotza izan dira jada.