ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Twitterretik hartutakoa
2022/10/25 09:05

Urtean behin egiten dute ekitaldi bateratu bat Confebaskek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru patronalek, eta atzo izan zuten urteroko hitzordua, Bilbon (Bizkaia). Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari orokorrak hitza hartu zuen ekitaldian, eta kezkaz hitz egin zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen adinaz: hiru beharginetatik bik 40 urte baino gehiago dituztela esan zuen, eta beraz, 20 edo 30 urte barru hartuko dutela erretiroa. Hala, "euskal enpresek erronka demografiko bat" daukatela nabarmendu zuten atzoko ekitaldian.

Patronalek auzi horren inguruko txosten bat idatzi dute, eta hor jasotako hainbat ondorio azaldu zituen atzo, hain zuzen, Aretxagak. Txostenaren arabera, gaur egungo "oparotasunari" eusteko, langile kopurua handitu beharko litzateke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 30 urteko epean 400.000 behargin gehiago beharko liratekeela diote, hain zuzen, 237.000 belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko eta 177.000 gehiago "hazkunde ekonomikoa sendotzeko". Dena den, EAEko ekonomiak Espainiako Estatuan zuen "tamaina erlatiboa berreskuratzeko", beste 140.000 langile beharko liratekeela uste dute patronalek.

Beraz, jaiotza-tasa handitzea beharrezkotzat jo dute, baina ez hori bakarrik: migrazioa bultzatu nahi dute patronalek, "pertsona eta talentu gabeziari" aurre egiteko. Horretarako, "herrialde-estrategia bat" eskatu du Isabel Busto Confebaskeko presidenteak; "pertsonen iritsiera erraztuko duen sistema bat" aldarrikatu du.

Estrategia horrek bi oinarri izan beharko lituzke Bustoren esanetan: batetik, haurrak izatea eta aldi berean lan egitea uztartu ahal izateko laguntzak, eta, bestetik, "enplegurako immigrazio-politika espezifiko bat, jakina, ihes egiten dutenekiko edo gure artean babesa bilatzen dutenekiko elkartasuna ahaztuko ez duena, baina kontuan hartuko duena haien talentua ere behar dugula".

NO HAY COMENTARIOS