ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Guardia Zibilaren karga 2020ko urtarrilaren 30ean, Iruñeko Galaria merkataritza-gune inguruan.
2022/05/12 09:15

Bi urte baino gehiago igaro dira Hego Euskal Herriko azkeneko greba orokorretik; 2020ko urtarrilaren 30ean, milaka langile joan ziren grebara, Eskubide Sozialen Gutunak deituta. Goizetik hasi ziren pikete eta mobilizazioak lekuan leku, eta arratsaldean ere atera ziren kalera hainbat txokotan, tartean, Iruñerrian (Nafarroa).

Poliziak ere goiz-goizetik esku hartu zuen grebalarien kontra. Besteak beste, goizean, pikete batean parte hartzen ari ziren pertsonen aurka oldartu zen Espainiako Polizia Iruñerriko Donibane auzoan, apustu-etxe baten aurrean; gazte bat atxilotu zuten.

Bestalde, arratsaldean Iruñean izan zen mobilizazioa zela-eta, Morea merkataritza-gunean sartu ziren guardia zibilak, eta manifestarien aurka gogor oldartu ziren; kolpeak zein pilotakadak izan ziren. Oldarraldi horretan ere hainbat pertsona atxilotu zituzten poliziek.

Horretaz gain, handik ia bi astera, otsailaren 13an, hiru lagun atxilotu zituzten Donibanen, greba orokorreko piketeetan parte hartzeagatik. Apustu-etxe aurrean izan zen kargaren harira atzeman zituzten gazte horiek ere; izan ere, haien aurkako salaketa bat aurkeztu zuen lokalaren jabeak. Polizia-etxetik igaro ostean utzi zituzten aske hiru atxilotuak.

Zigor eskaerak

Greba orokor horren harira, gaur egun, 11 pertsona daude auzipetuta Nafarroan, zenbait delitu leporatuta. Oraingoz ez dute zehaztu noiz epaituko dituzten, baina jakinarazi dute zein zigor eskaera egin dituzten haietako batzuen aurka. Morea merkataritza-gunean atxilotu zituzten bost gazte elkarrekin epaituko dituzte, eta zehazki, lau urtera arteko kartzela-zigorrak eskatu ditu haientzat fiskalak, baita 11.000 eurora arteko kalte-ordainak ere.

Are handiagoak dira akusazio partikularrak —poliziaren sindikatuek eta apustu-etxeak— egindako zigor eskaerak: sei eta hamabi urtera arteko espetxe-zigorrak eskatu ditu. 27.000 euroko bermea jarri diote bakoitzari, gainera.

Beste saio batzuetan epaituko dituzte gainontzeko auzipetuak, baina oraindik ez dute argitu zein zigor eskatuko dituzten haientzat.

Irudietan jaso genuen Guardia Zibila nola oldartu zen manifestarien aurka Morean:

NO HAY COMENTARIOS