Grebara joan dira milaka langile Hego Euskal Herrian

Greba eguna da gaur, eta piketeek goizean goiz ekin diote heziguneak, industriaguneak zein merkataritza guneak ixteari. Eguerdian, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte herrialde mailako mobilizazioak, eta askotariko blokeek hartu dute parte. Milaka pertsona bildu dituzte Iruñeko 'Proletalgoa grebara!' blokeak, M1 plataformaren Donostiako blokeak, Gasteizko 'Langileok haustura politikoa' blokeak eta Bilboko 'Langileon interesen alde, klase batasuna' blokeak. Arratsaldean ere jarraitu dute manifestazioek. Hemeretzi atxilotu izan dira egunean zehar.
Argazki Nagusia
2020ko urtarrilaren 30a

Gaur, urtarrilak 30, greba eguna da Hego Euskal Herrian; aurreneko greba orokorra lehengo hamarkadaren hasieratik. Grebalariak goizean goiz atera dira kalera, eta aldarriz josi eta hartu dituzte hezigune, saltoki, industriagune zein auzoetako karrikak, pikete bidez.

Lehen eguzki printzekin jarri dira martxan piketeak heziguneetan; hala nola, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean (Nafarroa); Leioako (Bizkaia) campusean (Bizkaia); Bilboko (Bizkaia) Sarriko fakultatean eta Dantzertin; Tolosako (Gipuzkoa) ikastetxeetan; Gasteizko (Araba) campusean; edota Donostiako (Gipuzkoa) ikastetxe zein campusean. Hainbat zentro eta fakultate ixtea lortu dute, eta tentsio uneak izan dira unibertsitateko indar polizialekin zein Ertzaintzarekin. NUPen, esaterako, hainbat lagun atxilotzen saiatu dira indar polizialen zaindariak.

Tokiko industria guneetatik eta merkataritza gune handietatik ere igaro dira piketeak, besteak beste, Bilboko Kale Nagusitik, Usurbilgo (Gipuzkoa) saltoki-gunetik, Lizarrako (Nafarroa) Eroskitik, edota Gasteizko Boulevardetik. Saltoki handienek ateak ireki dituzte gaur, eta piketeak bertaratzen saiatu dira. Polizia, baina, grebalariei gogor oldartu zaie hainbat lekutan, eta kargak ere izan dira; besteak beste, Gasteizen eta Iruñean.

Atxilotuak ere izan dira goizean, hamar gutxienez: lau Burlatan (Nafarroa) Aretako industriaguneko sarrera mozteagatik, ordu batzuk beranduago aske utzi dituztenak; bi Donostian "bi kutxa automatikori eraso egiteagatik"; bat Ermuan (Bizkaia) udaltzain bati eraso egitea leporatuta; bi Zornotzan (Bizkaia) Boroako industrialdeko sarrera mozteagatik; eta bat Iruñeko Donibane auzoan. Espainiako Poliziak identifikatzeko eskatu die piketeei Donibanen, baina eskaerari uko egin diote haiek, eta oldartu egin zaizkie poliziak. Hala atxilotu dute lagun bat, eta ordu batzuen ostean askatu dute.

Eguerdian, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako mobilizazioak izan dira jendetsuenak, herrialde izaera hartu dutenak. Bertan, hamaika izan dira askotariko mugimendu eta eragileek deitutako blokeak.

GASTEIZEN, HAUSTURA POLITIKOAREN OPTIKA

Arabako hiriburuan, campusean piketeak amaitu ostean, zutabea abiatu da Rafa plazarantz. Ertzaintzak une batean manifestariei bidea itxi dien arren, Langileon mendekua, prozesu sozialista oihu artean heldu dira Alde Zaharrera, Ofentsiba kapitalistaren aurrean, langileok haustura politikoa izeneko blokearekin bat egiteko. Hala, ehunka lagun elkartu dira Rafa plazan, Gasteizko kaleetan barrena barreiatzeko "langileon auto-antolakuntzaren eta langile guztion batasunaren" aldeko aldarria.

IRUÑEAN, PROLETALGOA GREBARA

Nafarroako hiriburuan ere izan dira bloke propioak, tartean, Proletalgoa grebara! zutabea. San Frantzisko plazatik irten da 12:00etan, eta ehunka pertsona bildu dira, Klase borrokan bakerik ez, Gora langileon borroka edota Obrero despedido, patrón colgado leloak kaleratuz. Gero gainontzeko grebalariekin bat egin badute ere, sindikatuek izendatutako ordezkariak sartu dira tartean; kordoia osatu dute ibilbide osoan, Proletalgoa grebara! blokea eta gainontzeko manifestari guztiak bereizteko.

Mobilizazioa Corte Inglés saltoki-gune ingurura iristean, blokeari eraso egin dio Espainiako Poliziak. Bertan bildutakoek posizioari eutsi diote, eta aurrera egin dute ibilbidearekin.

DONOSTIAN, GREBA ERE LANGILEONTZAT

Gipuzkoako hiriburuko mobilizazioen barruan, M1 Langileontzat plataformak deituta, Ofentsiba kapitalistaren aurrean, klase batasuna aldarrikatu dute ehunka pertsonak. Piketeen ostean, 11:15etan hasi dute zutabea, Aulariopetik. Antiguoko tunelerako bidea hartu du jende andanak, gainontzeko blokeekin bat egiteko. Bulebarrera bidean hainbat kontainer irauli dituzte manifestariek, eta konfrontazioa izan da Ertzaintzarekin, hainbat kide atzematen saiatu baitira. Aurrera jarraitu du, baina, mobilizazioak. M1 Langileontzat plataformak deitutako blokea Alde Zaharrean barruratu da gero, eta Trinitate plazan izan da amaierako ekitaldia.

BILBON, KLASE BATASUNA KARRIKETAN

Bizkaiko hiriburuko mobilizazioei dagokienean, besteak beste, Langileon interesen alde, klase batasuna leloa hartu dute ikur ehunka lagunek, 11:45ean La Casillatik irten den zutabean. Bidean, Moiuara iritsi aurretik, pertsona bat atzeman eta identifikatu dute ertzainek, ustez petardo bat botatzeagatik. Moiuan gainontzeko blokeekin batu dira, eta Alde Zaharrerako bidea hartu dute handik. Erreformismoa suntsitu oihuekin sartu dira Etxebarrieta Anaien plazan, eta bertan bukatu dute ibilbidea.

ILUNTZEAN ERE KALEAK PIZTURIK

Arratsaldean ere jarraitu dute mobilizazioek gurean. Hiriburuetako manifestazioez gain, grebalariak tokian toki atera dira berriro kalera, eta hainbat zutabe ere deitu dituzte. Lizarran, esaterako, gazte eta ikasle blokea atera da Sugarra gaztetxetik 17:30ean, Klase batasuna aldarri. Hernanin (Gipuzkoa) ere bloke propioa egin dute gazteek eta ikasleek, Antolakuntzaz langile boterea eraiki izenpean. Kontrakantxa gaztetxeak eta Ikasle Abertzaleakek deituta, 19:00etan irten da zutabea.

Iruñeko arratsaldeko mobilizazioen barruan, Galaria merkataritza gunean sartu dira hainbat lagun. Morea inguruan manifestariei gogor eraso egin die Guardia Zibilak, kolpeak eta pilotakadak tartean. Zenbait hedabideren arabera, bederatzi lirateke bertan Poliziak atxilo eramandako pertsonak.

ARGAZKIAK: GEDAR LANGILE KAZETA ETA @GARAIFOT

EGUNAREN JARRAIPEN BEREZIA IKUSTEKO, EGIN KLIK HEMEN

ARGAZKI GALERIA BEREZIA IKUSTEKO, EGIN KLIK HEMEN