ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Okupazioaren eguna, abuztuaren 21ean. Argazkia: Argia, @TtattolaKinkiGaztetxea-ren bidez
2021/09/06 09:35

Hazparneko (Lapurdi) gazte asanbladako kideek 2020ko urtarrilaren 31n utzi behar izan zuten Ttattola gaztetxea zena, "indarrez", hemezortzi urteko ibilbidearen ostean. Aurtengo abuztuaren 21ean sartu ziren Davidenea izeneko eraikinera, gaztetxe bilakatzeko eta, besteak beste, "jendea elkartzeko gune bat izateko" nahiz "ekintza kulturalak egiteko". "Urte bat eta erdi gaztetxerik gabe pasatu eta gero, etxe bat okupatzea deliberatu dugu", adierazi zuten.

Gazte asanbladako kideek azaldu dutenez, espazioak urteak zeramatzan hutsik, jaso berri duten kanporatze aginduak kontrakoa dioen arren. 95 urteko emakume bat han bizi zela dio idatziak, baina Ttattolako kideek seinalatu dutenez, "nola bizi daiteke adin handiko emazte bat elektrizitaterik eta urik gabe, eta komunak hautsiak diren etxe batean?". Salatu dute, beraz, argudio faltsuak erabili direla kaleratze aginduan.

Aurreko astelehenean jaso zuten Davideneatik alde egiteko agindu ofiziala. Horren arabera, astearte goizean utzi behar zuten eraikina; dena den, han jarraitzea erabaki zuten Ttattolako kideek. Helegite bat aurkeztu dute Paueko (Okzitania) Administrazio Auzitegian, baina izatez, edozein unetan kaleratu ditzakete. Herriko Etxearekin hitz egiten saiatu direla azaldu dute, baina eskakizunei entzungor egin diela hark.

Joan den larunbaterako manifestaziora deitu zuten gazte asanbladako kideek, "Hazparnen gaztetxe bat aldarrikatzeko eta gazteek pairatzen duten etxebizitza arazoa nahiz elkartzeko espazio eskasia salatzeko". "Hazparnek gaztetxe bat behar du", zioen mobilizazio osoan buruan izan zen pankartak; horretaz gain, "Ez dela lekurik? 500 etxe huts" mezua irakur zitekeen.

NO HAY COMENTARIOS