Galdakaon (Bizkaia) eta Zaratamon (Bizkaia), polizia-indarren jazarpena eta komunikabideen seinalatzea jasaten ari dira etxerik gabeko pertsonak aste hauetan. Hilabetearen hasieran, martxoaren 4an hain zuzen ere, polizia-operazio handi bat izan zen Galdakaoko Bengoetxe auzoan, eraikin abandonatu batean bizi ziren hamabost pertsona bertatik kanporatzeko: elkarlanean aritu ziren udaltzainak, Ertzaintza eta Espainiako Polizia. Orain, Zaratamoko Arkotxa auzoko beste eraikin bat daukate jomugan, kale-egoeran dauden hainbat eta hainbat lagun bizi baitira bertan une honetan.
Martxoaren 4ko desalojoa justifikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Galdakaoko Udaleko (EH Bildu) teknikari batek esan zuten arriskuan zeudela bertan bizi ziren pertsonak, eraikinaren egoera txarra zela-eta. Jatorri magrebtarreko pertsonak ziren etxegabetutakoak, eta Atzerritartasunaren arloko Espainiako Poliziako agenteek ere parte hartu zuten operazioan: El Correo-k jaso zuen atxilo hartu zituztela bi lagun, euren "egoera legala" aztertzeko. Hirugarren pertsona bat ere atxilotu zuen Ertzaintzak, bere aurkako eskaera judizial bat zabalik zegoela argudiatuta.
Horren ostean, Zaratamoko Outokumpu lantegia izandakoa ipini dute jopuntuan. Martxoaren 11n, adibidez, operazio polizial bat egin zuten bertan Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak, eraikinean bizi diren pertsonei jazarriz: 23 lagun identifikatu eta bost atxilotu zituzten (Atzerritartasunari lotutako arrazoiengatik haiek ere); nahiz eta, berez, aurrez esan zuten ez zeukatela inor atxilotzeko agindurik, Geuria atariaren arabera. Outokumpun zeuden pertsonak identifikatzea omen zen esku-hartzearen helburua, baina, momentuz, ez dago eraikina eraisteko agindurik. Hala ere, iturri polizialek kasu horretan ere argudiatu zuten egoera txarrean dagoela fabrika ohia.
Iazko irailetik hona hainbatetan bertaratu da Polizia eraikinera, bertan dauden pertsonak identifikatzera. Zaratamoko Udalak (EH Bildu) bertan esku hartu nahi du antza, "bizikidetza-arazoak", "hirigintzaren" inguruko planak, "ingurumenari" buruzko arazoak eta abar aipatuz. Galdakaoko eta Zaratamoko udalek elkarlanean jardungo omen dute "nabeetan bizi diren pertsonak integratzea" bilatzeko, baina ez dute etenik desalojoek eta eraikin horietan bizi den jendearen aurkako jazarpenak. "Ertzaintzarekin elkarlana berrartzeko" asmoa ere aldarrikatu du Zaratamoko alkate Alberto Ugarrizak, udaletik gogorarazi nahi izan duten arren eremu pribatu batean dagoela Outokumpu zaharra.