ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/06 21:39

Argilan-ESK-k, Berri-Otxoakek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak atzo jakinarazi zuten, Bilbon (Bizkaia), garaipen judizial bat lortu dutela Eusko Jaurlaritzaren aurka: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DSBE) buruzko araudian, Jaurlaritzak ezarritako artikulu bat baliogabetzea erabaki du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Artikulu horren arabera, oinarrizko dirulaguntza hori jasotzeko, derrigorrezkoa zen etxebizitza baten alokairu-kontratua edo titulartasuna erakustea.

Baina auzitegiak berriki emandako epaiak bertan behera uzten du 173/2023 Dekretuaren 2.2 artikulua, iritzita baldintza horrek ez zuela "lege-babesik" eta, gainera, "justifikaziorik gabeko oztopo" bat zela "legezko titulurik gabeko ostatuetan bizi diren" pertsonentzat; bereziki emakume langileentzat, migranteentzat eta gazteentzat. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak atzo salatu zuen, hain zuzen ere, irizpide horrek helburutzat zuela "langile-klaseko sektorerik zaurgarrienak kanporatzea" dirulaguntzatik; eta, hortaz, hura baliogabetu izana "tresna garrantzitsua" izango dela "bizi-baldintzen aldeko borrokan".

Dena den, aipatutako hiru eragileek "garaipen partzialtzat" jo dute ebazpena, eta ohartarazi dute "Jaurlaritzaren politiken aurkako borroka zabalago baten" parte dela. Kritikatu dute, adibidez, Lanbide enplegu-zerbitzu autonomikoak eta Ertzaintzak kontrolak gogortu dituztela dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonen aurka. Eta gaineratu dute, etxebizitza partekatzen duten pertsonen artean esate baterako, nabarmen murriztu dela laguntzen onuradunen kopurua: 15.118 unitate ziren 2023ko urtarrilean, eta 9.246 unitate, berriz, 2024ko abenduan. Horrek esan nahi du %38,8ko beherakada izan dela sektorean.

Egoera horretan, prestazio sozialen murrizketei eta pobreziaren kriminalizazioari aurre egiteko mobilizatzen jarraituko dutela berretsi dute hiru kolektiboek. Kaltetutako pertsonei dei egin diete antolatzera eta erresistentzia kolektiboarekin bat egitera, aldarrikatuz "antolakuntza eraginkorra" dela "eskubide ekonomiko eta politikoen murrizketari" kontra egiteko.

NO HAY COMENTARIOS