Aurreko larunbatean, uztailaren 5ean, Iruñean (Nafarroa) egin zuten manifestazio bat Ezkirozko (Nafarroa) BSH enpresako langileek. Izan ere, fabrika itxi eta plantillako 650 bat beharginak kalean utzi nahi ditu multinazionalak, eta zabalik dago espedienteari buruzko kontsulta-aldia: uztailaren 1ean izan zen negoziazioko hirugarren bilera.
Bere asmoekin tinko segitzen du enpresa-zuzendaritzak, eta hala, itxieraren aurka borrokan ari dira beharginak. Larunbatean +1.000 familia traizionatuak lelopean mobilizatu ziren Iruñeko kaleetan, sanferminen atarian, eta jende andanaren babesa jaso zuten. Besteak beste, hiri-garraioko langileak batu ziren manifestaziora, Villavesak BSHrekin. Elkartasuna! zioen pankarta bat eskuetan hartuta. Mugimendu Sozialistak ere egin zuen bat deialdiarekin, eta BSHko langileekin klase-elkartasuna pankarta atera zuen karriketan.
Langile-batzordearen kontra-txostena martxan
Manifestazioaren amaieran hitza hartzean, langile-batzordeak gogorarazi zuen plantillak zazpi hilabete daramatzala kaleratzeen mamua jasaten eta sufritzen, eta horren erakusle direla gaixotasunei lotutako 100 bat bajak. "Zifra horiek aurrekaririk gabekoak dira fabrika honen historian", azaldu zuen.
"Prozesu gizagabe honen azken txanpa" hasi dela eta "Bosch BSH Balayk bere neurrira egindako espedientea baztertzen" jarraitzen dutela jakinarazi zuten langileen ordezkariek, eta gogorarazi zuten kontra-txosten bat prestatzen ari direla, enpresaren espedienteari aurka egiteko: "Nafarroan 1.000 familia kalean uzten dituen kasu hau desmuntatzen ari gara".
"Nafarroan 50 urte baino gehiagoko historia industriala ezabatzeko asmoa dute", seinalatu zuen langile-batzordeak: "Gure aldetik, azken hatsa eman arte egingo dugu lan modu nekaezinean, egoera honi buelta emateko". Horrekin batera, eskerrak eman zizkieten "borroka honetan guri sostengua ematen" ari diren guztiei.