ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/22 09:27

Djibouti, Egipto, Jordania, Arabia Saudita, Etiopia, Eritrea, Sudan, Somalia, Palestina nahiz Yemengo kostak bustitzen ditu Itsaso Gorriak. Azken asteetan, Mendebaldetik helduta Itsaso Gorria zeharkatzen saiatu diren hainbat ontziri egin die eraso Yemengo Ansarullah mugimenduak: esan zuten geratu egingo zituztela sionisten menpeko lurretara zihoazen ontzi guztiak. Azaroaren 21ean, esaterako, argitara atera ziren hainbat irudi: Israelgo ontzi bat hartu eta Yemengo kostaldera eraman zuen Ansarullah-k. Horretaz gain, drone eta misil bidez eraso die sionisten beste hainbat ontziri.

Eta Ansarullah-k kolokan jarri duena ez da soilik israeldarren ontzien eta Mendebaldetik sionistei bidalitakoen ibilbidea. Itsaso Gorritik igarotzen da munduko komertzioaren %10 eta %15 artean, eta Itsaso Gorria eta Adengo golkoa lotzen dituen Bab el Mandeb itsasartea da, munduan, itsas-merkataritzarako erabiltzen den bide nagusietako bat. Beraz, Mendebaldeko hainbat potentziak arazotzat jo dute jada Yemengo Ansarullah-k Itsaso Gorriaren zati bat oztopatuta izatea ontzientzat, komertzioa kaltetuko duelakoan. Komertzioari lotutako hainbat ontzi handik (CMA CGM, Hapag-Lloyd, Maersk eta MSC itsas-garraioko konpainien ontziek, esaterako) jakinarazi dute ez dutela behin-behinean Itsaso Gorriko ibilbidea erabiliko.

Hala, berandu baino lehen eman dute berria Amerikako Estatu Batuek: Oparotasunaren Zaindari izendatutako operazioa jarriko dute martxan Itsaso Gorrian, Yemengo erasoei aurre egiteko eta ibilbide horretan ezartzen ari diren kontrola borrokatzeko. Hainbat egun beranduago, joan den ostegunean, Europar Batasunak ere egin zuen urrats bat aurrera: azaldu zuen parte hartuko duela AEBek iragarritako operazioan, Atlanta izeneko misioaren bidez.

Europar Batasuneko gutxienez sei estatuk hartuko dute parte Atlanta operazioan: Espainiako eta Frantziako estatuek, Erresuma Batuak, Italiak, Herbereek eta Norvegiak. Josep Borrellen esanetan, "informazioaren erabilera partekatua" barne hartuko du misioak, bai eta "itsas aktibo gehigarrien bidez presentzia areagotzea" ere. Europar Batasuneko Itsas Armadak (EUNAVFOR, ingelesez) gidatuko du misioa, Ignacio Villanueva Serrano buru duela. Europar Batasuneko herrialde horietaz gain, AEBek abiatutako operazioan izango dira Kanada, Bahrain eta Seychelles ere.

NO HAY COMENTARIOS