ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Errotxapeako Gaztetxea hustu zuten eguna.
2021/11/15 21:28

Joan den irailaren 2an izan zen Errotxapeako Gaztetxearen (Iruñerria, Nafarroa) desalojoa. Polizia-indarrak gogor oldartu ziren protestara batu zirenen aurka, eta zaurituak, ehunka identifikatu eta sei atxilotu izan ziren. Errotxapeako Gaztetxeko kideek eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak azaldu dutenez, "bost urte luze iraun dituen prozesu judizialak utzi dituen kostu ekonomikoei jada heltzen hasi diren isun ekonomikoak gehitu behar zaizkio" orain. "Espainiako Estatuaren errepresio estrategia, finean, hori da: parlamentarismoaren markotik ateratzen den tentatiba oro ekonomikoki itotzea", salatu dute.

"Proiektu politiko bakoitzak bere jarduna aurrera eraman ahal izateko gaitasunak izatea" beharrezkotzat jo dute Errakik eta Errotxapeako Gaztetxeak, eta azaldu dute horixe dela, hain justu, "Erraki eta berau osatzen dugun espazio eta asanbladen sarearen funtzioetako bat". "Elkartasun antolatuaren bitartez, gaitasun espezializatuen garapenaren bitartez, egitasmo politiko partikularrak indartzen ditugu, prozesu horietan izaten diren aldagaiei aurre eginez", argitu dute: "Aldagai horietako bat ekonomikoa da".

Errotxapeako Gaztetxearen aurkako prozesu judizialari eta desalojoari lotutako isun ekonomikoei eta "kolpe errepresiboari" aurre egiteko, beraz, "kontzertu eta ekimen sorta bat" antolatu dute Errakik eta gaztetxeko kideek. "Estatu burgesaren errepresioa ez dadila izan gure grina iraultzailea baretzeko gai", diote.

Zehazki, sei Elkartasun Jaialdi prestatu dituzte datozen asteetarako, Euskal Herriko sei txoko desberdinetan: Oñatin (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Burlatan (Nafarroa), Lizarran (Nafarroa) eta Zarautzen (Gipuzkoa). Azaroaren 20an izango dira Oñatiko, Ondarroako, Gasteizko eta Burlatako hitzorduak, abenduaren 10ean Lizarrakoa, eta abenduaren 18an Zarauzkoa.

NO HAY COMENTARIOS