ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / VesselFinder.
2024/11/18 14:07

Espainiako Gobernuak maiatzaren 16an debekatu zuen Israelgo Estatura doazen eta armak garraiatzen dituzten itsasontziek Espainiako Estatuko portuetan atrakatzea. Progressive International eta Palestinian Youth Movement antolakundeek salatu dutenez, ordea, halako 25 itsasontzi igaro ziren Algecirasko portutik maiatzetik irailera bitartean. Osotara, armen 1.185 bidalketa egin zituzten portu horretatik. Horiek ez ezik, Valentziako eta Bartzelonako portuetatik ere pasatzen dira ezaugarri horiek betetzen dituzten zamaontziak.

Alejandro Pozo ikertzaileak eman zuen horren berri, elDiario.es egunkarian. Bere esanetan, ImportGenius, Census, ImportInfo eta Lighthouse datu-baseetan daude eskuragarri ontzien ibilbideak, eta "salbuespena" izatetik urrun, "araua" da Espainiako Estatuko portuetatik sionistei material militarra bidaltzea. Ikerketa horrek ZIM ontzi-enpresa sionista jarri zuen jopuntuan, eta azken urtean egin dituen ibilbideak aztertu zituen. Dozenaka ontziren bidez, AEBetatik estatu sionistaren itsasbazterrera eraman ditu gerrarako ibilgailuak, plaka blindatuak, jaurtigailuak eta abar luze bat.

Espainiako Gobernuak eskala egitea ukatu zien bi ontziri, baina gehiago daude bidean

Israelgo Estatura armak eraman behar zituzten bi zamaontzik azaroaren 8an eta 14an egin behar zuten eskala Algecirasen. Azaroaren 7an, Espainiako Gobernuak baimena ukatu zien Maersk Denver eta Maersk Seletar itsasontziei, baina horiek ez dira Espainiako Estatuko portuetatik igarotzeko asmoa zuten edo duten bakarrak.

Progressive International eta Palestinian Youth Movement taldeen esanetan, azaroaren 19an, Maersk Pittsburg ontzia aterako da Newarkeko portutik, eta aurreikusita dauka Algecirastik igarotzea. Hurrengo egunean, Maersk Chicago ontziak abiatuko du bere ibilbidea, eta abenduaren 2an atrakatu nahi du Algecirasen. Maersk Kinloss, al W Kyrenia eta Kensington ontziak ere handik pasatuko dira ustez, Israelgo Estatura joan baino lehen. Hurrenez hurren, abenduaren 9an, 16an eta 23an egingo dute eskala.

Maersk Sentosa ontzia, berriz, abenduaren 30ean igaroko da Algecirastik. Datorren urteari begira, W Kithira ontzia porturatuko da bertan, urtarrilaren 6an, eta Maersk Detroit, Karachi, Atlanta eta Columbus ontziek ere berdin egingo dute; urtarrilaren 13an, 20an, 27an eta otsailaren 3an, hain justu.

Ez dira eskalak bakarrik

Hainbat kolektibok salatu dutenez, aipatutako itsasontziek ez dute depositua betetzeko soilik egiten eskala. Algecirasen, adibidez, merkantzien ontzi-aldaketak egiten dituzte, eta, beraz, arma bidalketak Espainiako Estatuko portuetan deskargatzen dituzte, ondoren beste zamaontzi batzuetan kargatu eta estatu sionistara bideratzeko, antza. Hala, gerrarako jaurtigailuak, plaka blindatuak, ekipamenduak, ibilgailu militarrak (HEMTT, FMTV eta JLTV, besteak beste) eta bestelako material militarrak deskargatzen dituzte Espainiako Estatuan.

NO HAY COMENTARIOS