Urriaren 7ko gertakarien ostean, Israelgo Estatuak garbiketa etnikoarekin jarraitzen du, bereziki Gazako Zerrendan. Guztira, gutxienez 11.000 dira sionistek azken hilabetean Gazan eraildako palestinarrak. Israelgo Defentsa Indarren arabera, aire bidezko erasoen lehenengo astean soilik, 6.000 lehergailu eztandarazi zituzten Gazan. Amerikako Estatu Batuek Afganistanen urte oso batean jaurtitakoaren parekoa da hori. Lehergailu horiek guztiak, osotara, 18.000 tonakoak izan dira; Hiroshimako bonba atomikoaren indarra 1,5 aldiz gainditzen duen suntsipen-indarra, guztira.
200.000 eraikin daude kalteturik eta 32.500 ezin daitezke erabili edo hauts bihurtu dira jada
Bonba horiek eragiten ari diren suntsiketa erabatekoa da. Hala adierazten dute Gazako Gobernuak kaleratutako azken datuek: oro har, palestinarren 200.000 eraikin daude kalteturik eta 32.500 ezin daitezke erabili edo hauts bihurtu dira jada. Gutxienez, 230 eskola kaltetu dituzte sionistek bonbardaketen ondorioz, eta beste 45 oso-osorik. Ikastetxe horietako batzuk Nazio Batuen Erakundearen misioenak dira, eta errefuxiatuentzako babesgune gisa erabili ohi dira.
Horrez gain, urriaren 11n Gazako Unibertsitate Islamikoa ere bonbardatu zuen estatu sionistak, "Hamasen zentro logistiko garrantzitsua" omen zela argudiatuz. Bestalde, Gazako 35 erietxeetatik, hamabi ez daude erabilgarri, bonbapean desagertu direlako edo erregai gabeziagatik inolako zerbitzurik ezin dutelako eskaini. 47 meskita eta hiru eliza ere suntsitu dituzte indar sionistek, beste 85 gobernu-eraikinekin batera.
908 familia erail ditu Israelgo Armadak bonbardaketetan
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 908 familia erail ditu Israelgo Armadak bonbardaketetan. Hainbat hedabidetako 35 kazetari, defentsa zibileko hemezortzi langile eta osasun-arloko 124 langile ere hil dituzte bonbapean.
Giza-balantzea
NBEren Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoaren (GEGKB) datuen arabera, Ukrainako gerran 563 egunean hil direnak baino zazpi aldiz haur gehiago erail ditu Israelek 25 egunean Palestinan. Ukrainako gerran, otsailetik irailera bitartean hildako zibil guztien %5,5 haurrak ziren. Palestinan, ordea, urriaren 7tik azaroaren 1era hildako zibilen %43 ziren umeak. Kontuan edukitzekoa da Gazako biztanleria Ukrainakoa baino 20 aldiz murritzagoa dela.
Ukrainako gerran 563 egunean hil direnak baino zazpi aldiz haur gehiago erail ditu Israelek 25 egunean Palestinan
Suntsipen horrek guztiak gerra besterik ezagutu ez duten belaunaldiak baldintzatu ditu. Al-Qassam (Hamas) brigadetako bozeramaileak emandako datuen arabera, euren soldaduen %85 Israelen politika genozidaren ondorioz umezurtz geratu diren gazteak dira.
Onespena
Sionisten menpeko palestinar lurretako (Israel) biztanleen %70,8ri ez zaie axola Gazako palestinarren sufrimendua, Israelgo Demokraziarako Institutuak (IDI) azken gertakarien inguruan eginiko galdeketa baten emaitzek erakutsi dutenez.
Al-Qassam brigadetako soldaduen %85 Israelen politika genozidaren ondorioz umezurtz geratu diren gazteak dira