The Good Burger jatetxeko langile bati hainbat eraso egin zizkiotela jakinarazi zuen Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak (LAS) apiril hasieran eta, enpresaburuak eskakizunak betetzeari eta akordio bat lortzeari uko egin ondoren, apirilaren 2an jatetxearen aurrean lehenengo protesta egin zuen sareak. Izan ere, langilea "bere benetako kategoriarekin bat ez zetorren" lan-kontratu batekin aritu zen lanean eta, gainera, soldataren zati bat beltzean jasotzen zuen. Hori ez ezik, abenduko aparteko ordainsariak eta bestelako lan-ordu batzuk ordaintzeari uko egin zion enpresak.
Modu horretan, LASek egindako lehen eskakizuna lanaren "kategoria erreala aitortzea" zen; bigarrena, horrek sortutako ordainsari ezberdintasunak zein aparteko ordainsarien ordainketa egitea; eta, azkena, "kotizaziorako hainbat kopururen erregularizazioa" bermatzea.
Hartara, protestek jarraitu eta dozenaka pertsona apirilaren 12an bertaratu ziren berriro jatetxearen aurrera, aipatutako eskakizunak exijitzeko. Aurreko elkarretaratzean bezala, TGB ordaindu zor duzuna lelopean batu ziren.
Langilearen eskakizunak betearazi dira
Apirilaren 26an azaldu zuten Iruñerriko LASeko kideek lan-gatazka gainditu dutela, enpresak langilearen eskakizunak betetzea lortu baitute. Argitaratutako bideoan, langileak "neurriak hartu eta justizia egitea" lortu dutela aipatu du, bai eta "LASen, lankideen eta senideen laguntzari" esker izan dela ere, langile antolakuntza berrestearekin batera.
Iruñerriko LASek garaipena "antolatutako elkartasunari esker" izan dela azpimarratu du, eta langileak, "elkarrekin", "irabazteko gai" direla nabarmendu. "Hik ezin, elkarlanean aitzin" leloak itxi du Kontseilu Sozialista Iruñerriak eta LASek egindako komunikatua, irudian ikusgai.