ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/12 11:06

"Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioak ez du etenik", Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak gaur egindako agerraldian salatu duenez, eta azpimarratu du "Euskal Herriko ikasle-mugimendutik bi ekarpen xume baina ezinbesteko egin ditzakegula". Batetik, funtsezkotzat jo du, "diskurtso hutsal eta oportunisten aurka, palestinar erresistentziaren alde borrokatzea eta palestinarrek defendatzeko duten eskubidearen alde etengabe mobilizatzea"; eta, bestetik, esan du beharrezkoa dela "genozidioaren konplize guztiak seinalatzea eta haiei presioa egitea", sionistekin dituzten harremanak moztu ditzaten.

Konplize horien artean aipatu dituzte "instituzioak, enpresak eta alderdi politikoak", eta hezkuntza-arloari begira, unibertsitateen ardura nabarmendu du. Hortaz, iritzi dio ikasleen "eginkizuna" dela, esaterako, "Euskal Herriko unibertsitateei presioa egitea", "Israelekin harremanak edukitzen jarraitzen baitute". "Harreman horiek guztiak etetea lortu behar dugu", gaineratu du IAk.

Horri loturik egingo ditu protestak hurrengo egunetan. Unibertsitatean, irailaren 18an mobilizatzera deitu ditu ikasleak, eta bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako hainbat ikastetxetan ere egingo ditu deialdiak. "Adi egon deialdietara eta batu borrokara", adierazi du: "Genozidioaren konplizeei bakerik ez".

EHU: genozidioaren konplize zuzena

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) aste honetan egin du ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, eta IAko kideek bertan gaitzetsi zutenez, palestinarren aurkako sarraskiaren erantzule zuzena da unibertsitate hori. Hala xehatu dute gaurko agerraldian: "EHUk genozidioarekin kolaborazio zuzena izan duten lau enpresarekin du harremana gaur-gaurkoz; izan enpresa-gela bat dutelako, enplegu-azoketara gonbidatzen dituztelako, praktikaldi eta GrAL eskaintzak egiten dituztelako edo unibertsitatea materialez hornitzen dutelako".

Enpresa horiek dira, hain zuzen ere, CAF, ITP Aero, Sener eta HP, "Israelgo Defentsa Teknologia garatzeaz arduratu den enpresa". TheraTools, Mitgest, Bold eta IRISCC proiektuetan enpresa sionistekin kolaboratzen du EHUk, gainera.

Horrekin batera, ikasle-antolakundeak gaurko prentsaurrekoa probestu du asteazkenean Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusean izandako gertakariak salatzeko, ikasleek Palestinaren alde eta sionisten konplizeen aurka egindako protesta kriminalizatu baitute hamaika ordezkari politikok, EHUko errektoretzak eta abarrek. "Fokua Israelen eta bere konplizeetan jarri behar da, eta ez Palestinaren askatasunaren alde mobilizatzen diren horietan", defendatu du IAk.

"Israelek ontzidia blokeatzen badu, unibertsitateak hartuko ditugu"

"Jada 80.000 palestinar baino gehiago erail ditu estatu sionistak eta beste horrenbeste gosez hiltzen utzi ditu. Gainera, duela egun batzuk Qatar bonbardatu du, eta AEBekin batera Gaza hartzeko egindako mehatxuek asko larritu dute egoera", ekarri du gogora antolakundeak: "Hori guztia gutxi ez, eta Israelek laguntza humanitarioari erasotzen jarraitzen du. Horren azken adibidea da hainbat herrialdetako herritarrak daramatzan Askatasunaren Ontzidia erasotu izana".

Berriki, dinamika bat abiatu dute Europako hainbat ikasle-mugimenduk, azalduz unibertsitateak hartuko dituztela estatu sionistak Global Sumud Flotilla blokeatzen badu. Euskal Herrian, IAk bat egin du ekimenarekin

Seinalatu duenez, azkenaldian "Europako alderdi politikoek euren konplizitatea agerian utzi dute beste behin", "Gazako genozidioa modu oso oportunistan salatzen duten bitartean, ez baitute Israeli boikota egingo dion neurri errealik martxan jarri, eta palestinar erresistentziaren alde mobilizatzen diren herritarrak erreprimitzen jarraitzen baitute". IAk horren adibidetzat jo ditu "Ingalaterrako nahiz Italiako errepresio kasuak eta Espainiako Vueltan Bilbon (Bizkaia) gertatu zena, bai eta lehendakariaren ondorengo adierazpenak ere". "Gogor salatzen dugu Eusko Jaurlaritzaren konplizitatea", gehitu du.

NO HAY COMENTARIOS