2023ko emaitzen berri eman du Iberdrolak: 4.803 milioi euroko irabaziak izan zituen. 2022an 4.309 milioi euro irabazi zituen, eta, beraz, emaitzak alderatuz gero, etekinak %10,7 handitzea lortu zuen iaz. Energia-enpresak sei urte daramatza, urtez urte, emaitzak hobetzen. 2022an, esaterako, %11,7ko igoera izan zuen, aurreko urtearekin alderatuta.
Energiaren ekoizpenean, banaketan eta salerosketan aritzen da Iberdrola. Errekorreko etekinak izateaz gain, inoizko handiena izan zen enpresak 2023an egindako inbertsio gordina ere: 11.382 milioi eurokoa, 2022an baino %6 handiagoa. Taldeko presidente Ignacio Galánen esanetan, "esfortzu inbertzitzaile" historikoa egin du enpresak.
Azken hiru urteetan, Iberdrolak 33.500 milioi euroko inbertsioak egin ditu nazioartean. Horietatik, 7.600 milioi euro inbertitu ditu Espainiako Estatuan.