ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/25 20:05

Azaroaren 25 honetan ere, Euskal Herri osoan barrena hedatu da indarkeria matxistaren kontrako aldarria: mobilizazio ugari izan dira han-hemenka egun osoan zehar. Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, esaterako, 22 herritan egin ditu elkarretaratzeak eta manifestazioak iluntzean, eta ehunka lagunek parte hartu dute. Gogoan izan dituzte, besteak beste, joan den urrian Zarautzen eraildako emakumea eta hilabete honetan bertan, Angelun, bikotekide ohiaren partetik hilketa-saiakera bat jasan zuen emaztea. "Badakigu isilpean eta ezkutuan beste hainbat eraso gertatzen direla, erasotzaileek inpunitate osoz gauzatzen dituztenak", azaldu dute Itaiako kideek mobilizazioen bukaeran, eta biktimek erasoak salatzeko orduan pairatzen dituzten "ezintasun eta oztopo handiez" ere ohartarazi dute.

Emakumeon Antolakunde Sozialistaren esanetan, "indarkeria matxista amaitzeak langile-klaseko kolektibo ezberdinen zapalkuntzak indartzen dituen gizarte-ereduarekin amaitzea esan nahi du", eta horregatik erabaki du "Estatu Sozialistaren eraikuntzan ekarpena egingo duen alternatiba politikoa garatzea". Horiek horrela, "gaurdanik" egingo du lan "norabide horretan"; "eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzuteko antolakuntza sustatuz", "erasotuak izan diren emakumeek beren bizitzekin aurrera egiteko kalitatezko baldintzak borrokatuz", eta "kultura matxistatik milioika irabazi eskuratzen dituzten industriei eta enpresariei aurre eginez". Horrekin guztiarekin, helburu bat nabarmendu du Itaiak: "Gizarte mailan matxismoaren aurkako euste-horma indartsu bat sortzea eta ahalik eta emakume gehien lan politikora eta antolakuntzara batzea".

Ideologia faxisten gorakada, instituzioen fartsa eta borrokaren instituzionalizazioa

Antolakundeko kideek gaurkoan salatu dutenez, "eskuineko eta ultraeskuineko alderdiak eta eragileak ideia atzerakoiak normalizatzeko interbentzio ideologiko-politikoa egiten ari dira, indarkeria matxista asmakizun ideologikoa dela defendatuz edo emakumeok esajeratu batzuk garela argudiatuz". Gaur goizean Bilbon egin du agerraldi bat Itaiak, eta bertan ere aritu da ideologia faxisten gorakadaz, baita horiek biolentzia matxista "programa arrazista, klasista eta espainolista indartzeko" erabiltzen duten moduaz ere. "Gure senarraren, nagusiaren, etxejabeen edo auzokideen partetik jasandako erasoen aurrean beste aldera begiratzen dute, eta, aldiz, diskurtso arrazistak eta klasistak zabaltzeko balio diena bakarrik salatzen dute", zioen goizean.

Horrez gain, alderdi politikoen eta instituzioen jarrerari ere egin die azpimarra Itaiak iluntzeko hitzartzeetan, "ez dutelako indarkeria matxista amaitzeko bide-orririk mahaigaineratu". Gogorarazi du "azken urteetako politikagintza instituzionalak agerian utzi" duela "matxismoaren kontrako proposamen elektoralak indarkeriaren kudeaketa hutsera mugatu direla, egiturazko arazo soziala amaitzeko borondate eta aukera oro alboratuta"; eta, hala ere, "feminismoaren baitako zenbait sektorek indarkeria matxistari aurre egiteko proposamena estatu-egitura kapitalistaren baitan kokatu dutela". Funtsezkotzat jo du, hala, "matxismoa errotik amaitzeko alternatiba politikoaren eztabaida zentroan jartzea", "zapalkuntzak oinarri dituen gizarte-ereduarekin amaitzeko".

Goizean, ehunka ikasle mobilizatu dira ikastetxeetan eta unibertsitatean

Hezkuntzan ere hamaika deialdi zeuden eginak Indarkeria Matxistaren Egunerako. Ikasle Abertzaleakek (IA) 88 bat ikastetxetan prestatu ditu indarkeria matxistaren kontrako protestak eta hitzaldiak gaurko egunerako; eta Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) eta campusetako emakume taldeek Bilbon, Iruñean, Leioan, Eibarren, Ibaetan nahiz Gasteizen egin dituzte mobilizazioak goizean.

NO HAY COMENTARIOS