ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/08 11:24

Ekainaren 28tik 29ra bitartean, ehunka gazte bildu ziren Azpeitian (Gipuzkoa), Gazte Langileon Topaketetan. Bi egunez izan ziren bertan, "zapaltzen gaituen sistema kapitalistari nola aurre egin eztabaidatzeko eta gure arteko komunitatea eraikitzeko" asmoz, antolatzaileek gogorarazi dutenez.

Gazte langileak lehen lerrora

Azaldu dute hainbat hitzaldi izan zirela topaketetan: "Despolitizazioaren, indibidualtasunaren eta etorkizuneko ziurgabetasunaren aurrean, gazteon artean antolatzearen, indarrak batzearen eta dinamika desberdinak aurrera ateratzearen beharraz hausnartu genuen".

Horretaz gain, "gazte langileon kontrolpeko espazioak irekitzearen garrantziaz eta erasorik gabeko gune seguruak eta erreferentzialak eraikitzearen garrantziaz" jardun zuten Azpeitian, ondorio argi batzuk elkarbanatuta; hala nola, "lehen lerroa hartu" behar dutela gazte langileek, "faxismoa borrokatzeko zein pentsamendu erreakzionarioaren aurrean balore askatzaileak hedatzeko".

Gaztetxeek eta Gazte Asanbladek indarrak batuta

"Egitarau osoak gure arteko harremanak estutzeko eta komunitatea eraikitzeko balio izan zigun", diote topaketen antolatzaileek. Horren guztiaren isla izan zen ekainaren 29ko mahai-ingurua: parte hartu zuten Lizarrako (Nafarroa) Sugarra Gaztetxeak, Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxeak, Gernikako (Bizkaia) Egurre Gazte Asanbladak, Gasteizko (Araba) Azpimarra literatura taldeak eta Azpeitiko Gaztetxeak.

"Ideia, borroka-esperientzia eta hausnarketa ugari jaso genituen bertan, besteak beste, errepresio ekonomikoari loturikoak, desalojoen ingurukoak, herrietako eta auzoetako gazteon problematiken ingurukoak edota gazteon aisialdi ereduari loturikoak", laburbildu dute.

Elkartasun argazki bat atera zuten gero, borrokan ari diren Sugarra eta Zestoako, Burlatako eta Zornotzako Gaztetxeen alde. "Erasoen aurrean, Gaztetxeak defendatzera" deitu zuten gazteek.

Borrokarako grina zabaldu

Gazte Langileon Topaketei buruzko balorazioan, jakinarazi dute Euskal Herriko 50 Gazte Asanblada eta Gaztetxe inguruk parte hartu dutela edizio honetan, bai eta beste hainbat gaztek ere. "Horren ondoren, indarberrituta itzuli gara geure herri eta auzoetara, lanerako eta borrokarako gogoz", azpimarratu dute: "Gazteon antolakuntza independenterako espazioak eta gazteon borrokarako grina indartzen jarraituko dugu".

NO HAY COMENTARIOS