ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/02 18:42

Azken urteetan ikas-baldintzek okerrera egin dutela azaldu du Unibertsitateko Indar Batasunak, eta azpimarra egin dio, batez ere, "ikasleriaren behar materialen urraketa sistematikoari". Horren adibide modura aipatu ditu, esaterako, "irakasleen falta" eta "ebaluazio irizpide jasanezinak".

"Ikasketak aurrera ateratzeko baldintzak geroz eta kaxkarragoak dira, geroz eta oztopo gehiago jasan behar ditugu eta, bien bitartean, matrikulen prezioen gorakada etengabea da", salatu du UIBk: "Geroz eta kalitate baxuagoko hezkuntzaren truke, orduan eta prezio altuagoak ordaintzera behartuta gaude".

Bitartekoen kontrola

UIBko kideek beharrezkotzat jo dute "egunerokoan jasaten ditugun egoera desberdinak borrokatzea, betiere, bitarteko materialen gaineko kontrola lortzeko helburuarekin". Azaldu dute "bitarteko materialen kontrolak" baino ez duela bermatuko ikasleen baldintzak hobetzea eta, beraz, "norabide horretan" borrokarik egin gabe eta "aldaketa txikiekin" soilik, nabarmena izango litzatekeela gabezia: "baldintza materialen okerragotzea ez areagotzera mugatuko ginateke".

"Argi daukagu klase batasunean oinarritutako antolakuntza eta borroka direla unibertsitatean baldintza hobeak lortzeko bide bakarra", aldarrikatu dute UIBko kideek: "Horretarako, borroka konkretu ororen izaera orokorra bilatu behar dugu; ezin gara mugatu lege horren edo bestearen aplikazioa galdegitera".

Tresna zehatzak

Ikasleek egunerokotasunean jasaten dituzten oztopo eta gabeziei aurre egiteko "modu bakarra" ere, noski, antolakuntza dela azpimarratu du UIBk. Hala, tresna zehatz bat jarri du martxan: Ikasleon Eskubideen Defentsarako Bulegoa.

Bulegoarekin harremanetan jartzeko deia egin die ikasleei; besteak beste, irakasgaien ordutegiak direla-eta arazoak dituztenei, ordezko irakasleen faltan eman gabe geratu diren eskolen ondorioz gabeziak dituztenei, edota ikasketetarako beharrezko materiala (liburuak, erremintak, espazioa, eta abar) falta zaienei.

Ondoko web-orriaren bidez jar daiteke harremanetan bulegoarekin: https://www.uibapuntebankua.com/bulegoa.html

NO HAY COMENTARIOS