Agerraldi jendetsu bat egin zuten ostiral iluntzean Lizarraldea BHIko hainbat ikaslek, ikasle ohik, irakaslek eta gurasok, ikasle-eragile batzuk jasaten ari den jazarpena salatzeko. Izan ere, institutuko 21 ikasle kanporatu zituen zuzendaritzak otsailaren 26ko ikasle-grebagatik, eta jazarpen etengabeari aurre eginez, ikasleen eskubide politikoen defentsan antolatu da Lizarraldeko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS).
"Ikastetxean, ikas-baldintzei dagokienez, ikasleok bi arazo nagusi landu ditugu ikasturte honetan", gogorarazi zuten agerraldian. Esaterako, goizetan ikastetxeko ateak goizago irekitzearen alde mugitu da ikasle-asanblada, egun hotzetan ere kalean egon behar izaten baitute eskolak hasi arte; eta DBHko ikasleentzat komunak zabaltzearen alde ere jardun du, ia egun osoan egoten baitira itxita. "Nahiz eta ikasleriaren gehiengoaren babesa izan, zuzendaritzak ez du borondaterik izan arazo horiei irtenbide bat emateko. Zuzenean, ikasleon iritzi eta borondatearen gainetik, bere autoritatea erabili du", azaldu zuten ostiralean.
Ikasleen aurkako kriminalizazioa eta difamazioa, zuzendaritzaren partetik
Mobilizatu diren ikasleen kontra egiteko, "ikasleok kriminalizatzen gaituen errelato bat sortzen ari dira" Lizarraldea BHIko zuzendaritza-taldetik, salatu zutenez. "Saiatzen ari dira zabaltzen ikasle gutxi batzuk institutuan bizikidetza apurtzen ari garela eta modu biolentoan jarduten dugula", zioten: "Ikasleok badakigu errealitatea oso bestelakoa dela. Asanblada oso jendetsuak antolatzen ditugu, beharbada institutuan inoiz izan diren jendetsuenak. Antolatu ditugun grebek ikasleon gehiengo absolutuak babestu ditu eta greba egunetan antolatzen diren pikete informatiboetan ikasle askok hartzen dugu parte". Eta gaineratu zuten: "Ohikoa da entzutea gazteok pasotak garela, sare sozialetan mezu faxistak bakarrik kontsumitzen ditugula eta ez garela ezertaz arduratzen. Egoera horri buelta ematen ari gara ikastetxean, ikasle askoren eta askoren artean kontzientzia antifaxista landuz eta gure eskubide kolektiboen alde antolatuz. Hori begi onez ikusi ordez, zuzendaritzak lan politikoa kriminalizatzen du ikasle akritiko, sumiso eta desmobilizatuak nahi dituelako".
Izan ere, zuzendaritzak difamazioa erabili du azken hilabeteetan ikastetxean lan politikoa egiten aritu diren ikasleen aurka, haiek "faxistatzat" joz edo otsailaren 26ko ikasle-greban "lehergailu" bat jarri zutela eta desgaitasunak dituzten ikasleak kaltetu zituztela esanez, besteak beste. Eta gezurrak zabaltzeaz gain, ikasle-mugimenduaren kontrako neurri zuzenak ere hartu ditu zuzendaritzak: 21 parte "larri" ireki ditu azken grebagatik; beste lau pankarta baten aurrean egoteagatik, eta bi pankarta bategatik. Hori gutxi balitz, zuzenean ikasleek ipinitako propaganda politikoa kentzen aritu dira hainbat irakasle.
Eragile guztiek lan politikoa egin ahal izateko eskubideen alde
"Ikastetxean jardun politikoa egiteko eskubideak ez dira berdinak guztiontzat. Zuzendaritza-taldearen erabakiekiko kritikoak garen ikasleoi hainbat traba jartzen dizkigute. Aldiz, beste batzuei utzi egiten diete guri uzten ez dizkiguten gauzak egiten", gaitzetsi zuten agerraldian: "Beste eragile batzuei beren jardun politikoa aurrera eramaten uztea begi onez ikusten dugu, baina guk ere tratu berdina merezi dugula uste dugu". Besteak beste, IASeko eta ikasle-asanbladako kideei ez diete utzi Lizarraldea BHIn klase-pasak egiten, propaganda kendu diete, indarkeria matxistari buruzko hitzaldi bat blokeatu diete, zuzendaritzara joateko deitu eta mehatxuak egin dizkiete, eta abar luze bat. "Egoera itogarria sortzen ari dira eta ikasleria modu lasai eta aske batean ezin antolatzeko klima bat sortu nahi dute", laburbildu zuten ostiralean: "Etengabeko presio hori gure ikasketetan ere eragina izaten ari da".
Horiek horrela, "ikasle eta irakasleon eragile politiko guztiontzako eskubide berdinak" aldarrikatu zituzten, eta eskatu zuten ikasleen hitza errespetatu dadila "ikastetxean dauden arazoetan", "hezkuntza-komunitateko zutabea garen heinean". "Jardun politikoaren aurkako kriminalizazioa" gelditu dadila ere exijitu zuten, zuzendaritzari "hausnarketarako deia" eginez: "21 ikasle kanporatu ditu pikete batzuetan ustez klase ematea geldiarazteagatik eta pasilloetan korrika egiteagatik. Horrek ez du ez hanka ez bururik. Egoera muturrera eramaten ari dira". Nabarmendu zuten, dena den, "ikasleok ez dugula gure aldarrikapenetan atzera egingo", eta borrokan segituko dutela ikasleen baldintzen eta eskubideen defentsan.