ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / The White House (X)
2026/01/31 10:26

AEBetako makineria errepresiboa azken hamarkadetako dimentsiorik zabalena hartzen ari da, Statista atariak zabaldutako datuek berresten dutenez. Big Beautiful Bill Act lege polemikoaren bidez, Immigrazio eta Aduana Bulegoak (ICE) 79.000 milioi dolarreko aurrekontua kudeatu ahal izango du 2026ko ekitaldi fiskalean. Beste agentzia batzuekin alderatuz, ikus daiteke ICEk, adibidez, FBIk baino hamar aldiz aurrekontu handiagoa daukala (8.000 milioi), eta Mugako Patruilaren (78.000 milioi) edo Kostazainen (34.000 milioi) gainetik kokatu dela jada.

Diru-injekzio hori 12.000 agente berri kontratatzeko eta egunean 116.000 pertsona atxilo mantendu ahal izateko erabili da azken asteetan, eskoletan nahiz elizetan sarekadak egitea ahalbidetuz. AEBetako gobernu federalak baditu, estatuen eskumenez gaindi, kaleetan balia ditzakeen hainbat tresna koertzitibo, eta horien artean ICE da azken urteetako aurrekonturik handiena bildu duena. Aipatutako lau organismoak batuta, 200.000 milioi dolar izan dira guztira.

Ustezko aurrekari eta zigor penalak aitzakia, pertsona migranteen kontra jotzeko

Azken errepresio-olatuaren biktimei dagokienez, gobernuak erabili duen justifikazioa kontraesaten dute CATO Institutuak filtratutako datuek: atxilotuen %73k ez dute inolako kondena penalik aurrez, eta soilik %5ek dituzte "indarkeriari" lotutako aurrekari judizialak.

Are gehiago, UCLA Californiako Unibertsitateak argitaratutako datu berrienek diote aurrekari penalik gabeko pertsona latinoamerikarren atxiloketak sei aldiz biderkatu direla (+%600) Trumpen bigarren agintaldian. Nazionalitateka aztertuta, azkar ikus daiteke atxiloketen zentzua: aurrekaririk gabeko venezuelarren atxiloketak hamalau aldiz biderkatu dira, eta mexikarrenak zortzi aldiz. Hilero, batez beste, 6.000 pertsona errugabe espetxeratzen dituzte ICEren bidez.

Horrez gain, ugariak dira ICEk prozesu judizialik gabe egiten dituen eta "atxiloketa kriminal" gisa mozorrotzen dituen espetxeratze arbitrarioak, baita deportazioak edo erailketak ere. Ez dago erregistratutako datu ofizial zehatzik, dena den.

Europa: autoritarismoa eta immigrazioaren aurkako politikak

Europak, AEBetatik markatutako joerekin haustetik urrun, politika autoritario eta belizista antzekoak mimetizatzen ditu lekuan leku. Esaterako, Alemaniak, Sondervermögen funtsaren bidez 100.000 milioi euroko zorra jaulki du berrarmatzerako, Konstituzioaren kontrolak saihestuz. Europar Batasunak, Bakearen aldeko Europako Funtsa (EPF) gerra-operazioak finantzatzeko tresna bihurtu du, 17.000 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.

Barne-mugei dagokienez, Frontex agentziaren bilakaera izan daiteke ICEren ispilu: 2005ean 6 milioi euroko aurrekontua izatetik, 2024an 845 milioi izatera igaro da, Thales eta Leonardo bezalako kontratista pribatuak aberastuz eta Mediterraneoa harresi teknologiko eta militar bilakatuz.

NO HAY COMENTARIOS