ACTUALIDAD / Represión
Ia 200 eragile mobilizatuko dira bihar Ertzaintzaren bortizkeria eta herri-mugimenduaren aurkako kriminalizazioa salatzeko
Mobilizazioa babestu dutenen artean daude sindikatuak, antolakundeak, talde ekologistak, Gaztetxe eta Gazte Asanbladak, eta migratzaileen edo kolektibo zaurgarri hainbaten eskubideen alde lana egiten duten eragileak. Bilboko Eliptikotik abiatuko da manifestazioa, 17:30ean.
2026eko ekainaren 19 - 10:39
Ia 200 eragile mobilizatuko dira bihar Ertzaintzaren bortizkeria eta herri-mugimenduaren aurkako kriminalizazioa salatzeko

Herri-mugimenduko 180 eragilek baino gehiagok eman dute euren atxikimendua bihar Bilboko (Bizkaia) kaleak zeharkatuko dituen mobilizazioaren alde: hilabete honen hasieran aurkeztu zuten deialdia Global Sumud Flotillak, Justizia Aranarentzat plataformak, Amaia Zabartek, Errekaleor Bizirikek, GKSk, Herri Nortek, Iraultza 1921ek, Bultzadak, Azpeitia Errepresioaren Aurkak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Mbolo Moyo Dolek. Eliptikotik hasiko da manifestazioa, arratsaldeko 17:30ean, Eusko Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurka eta eskubide zibil eta politikoen defentsan.

Gaur goizean egindako agerraldian, deitzaileek seinalatu dute Bingen Zupiriak zuzentzen duen Segurtasun Sailak herri-mugimendua kriminalizatu eta Ertzaintzaren gehiegikeriak zuritzen dituela etengabe: "Kezkaz bizi dugu egoera hau. Sistema kapitalistaren injustizien aurka eta inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde lanean ari gara egunero". Hori lortzeko askotariko mobilizazio-ereduak erabiltzen dituztela azaldu dute, eta guztiak direla zilegi: "Mobilizazioak, espazio hutsen birjabetzeak, desobedientzia zibila… Horiek guztiak, baina, EAJren jopuntuan daude".


Jaurlaritzaren errepresioa jasaten dutenak

Manifestazioa babesten duten eragileek salatu dute zuzenean jasaten dutela jazarpena, eta adibideak zerrendatu dituzte: "Ertzaintzaren kargak jaso ditugu grebetako piketeetan. Azken bost urteetan 250 lagun identifikatu dituzte Gaztetxeak defendatzeagatik eta hamalau Gaztetxe desalojatu dituzte. Etxebizitza-eskubidea defendatzeagatik 70.000 eurotik gorako isunak izan ditugu. Faxismoari aurre egiteagatik edo baimenik gabe kontzertu batzuk antolatzeagatik atxiloketak jaso ditugu. Futbol-taldeak animatzeagatik ere, Poliziaren kargak, isunak eta atxiloketak pairatzen ditugu. Loiun, sionistek torturaturiko kideei ongietorria egiteagatik ere oldartu zitzaigun Ertzaintza".

Hari beretik seinalatu dute Eusko Jaurlaritzak errepresio hori guztia ezkutatu nahi duela herri-mugimenduen askotariko jarduna kriminalizatuz: "Argi esan nahi dugu herri-mugimenduaren aurkako kriminalizazioarekin bukatu eta Poliziaren inpunitateari mugak jartzeko unea dela. Norabide horretan indarrak batzeko eta biharko Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia zabaltzen dugu".