Itaiak, Euskal Herriko Emakumeen Antolakunde Sozialistak, ekitaldi bat egin zuen atzo goizean, antolakundearen I. Kongresuko ondorioak aurkezteko. Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean izan zen itxiera-ekitaldia, ehunka emakumeren parte-hartzearekin. Bost urteko ibilbidearen ostean, "azken hilabeteetako lanaren eta hausnarketen emaitza" izan zen atzo aurkeztutakoa, Itaiaren esanetan.
Antolakundearen norabidea "gaur egungo testuingurura egokitu" nahi izan du, eta, horrenbestez, aurrera begira eman beharreko pausoak zehaztu ditu kongresu-prozesuan. "Emakume langileontzako alternatiba iraultzaile bat aurkeztu nahi dugu Euskal Herrian, eta honakoa azken urteetako lan militantearen emaitza da", adierazi zuten atzoko ekitaldian. "Emakumeon gehiengoarentzat baliagarria izango den proposamen politikoa garatzen jarraitzeko lehen oinarritzat" hartu dute, beraz.
Testuinguruaz: emakume langileen esplotazioa, autoritarismoa eta faxismoa
Ekitaldiko lehen hitzartzean, gaur egungo testuinguruaz egiten duten irakurketa partekatu zuten Itaiako kideek. "Gizarte kapitalistak, etekin ekonomikoak eskuratzeko, ezinbestekoa du langile-klasearen aurkako esplotazioa, eta hor, emakume langileok berebiziko rola betetzen dugu", azaldu zuten: "Emakumeon gaineko esplotazioa negozio-iturri da enpresarientzat". Horrez gain, "Europako agintarien gidaritzapean, Mendebaldeko gobernuek langileon bizi-baldinzak okertu eta estatuen izaera autoritarioa indartu dituztela", salatu zuten. Egoera horretan milaka eta milaka emakume langileren "miseria areagotu" besterik ez dela egiten seinalatuz, horren hainbat adibide ekarri zituzten gogora: "Lan-baldintza penagarriak; zaintza-zerbitzuen murrizketak eta pribatizazioek gugan eragiten duten zaintzaren gainkarga; instituzioek eskaintzen dituzten dirulaguntza gero eta murritzagoak...".
Era berean, estatuen biraketa autoritarioa eta horren eskutik datorren faxismoa zabaltzen ari direla azpimarratu zuen antolakundeak. "Emakume langileon aurkako neurri zuzenak hartzen ari dira eta matxismoa bera ukatzen dute. Diskurtso atzerakoi eta kontserbadore horiek langile-klaseko kolektibo zaurgarrienen bazterketarako oinarriak jartzen ari dira, ideia supremazista eta arrazistak hauspotuz, LGTB kolektiboaren aurkako gorroto-diskurtsoa eta biolentzia zabalduz eta jarrera matxista eta misoginoak indartuz", zioen.
Emakume langileen askapenerako borroka, programa instituzional kapitalistatik at
Itaiak mahaigaineratu zuen, gainera, "estatu kapitalistan guztiz integratuta dauden alderdiek ezer gutxi egin dezaketela emakumeen emantzipaziorako bidean". Eta jarraitu zuen: "Gizarte kapitalistak beharrezkoa du emakume langileon zapalkuntza erreproduzitzea, eta horrek ezinezko egiten du bere baitan matxismoa gainditzea. [...] Emakume langileon askapenerako borroka eta programa instituzional kapitalista ez dira bateragarriak".
Horiek horrela, emakumeon eskubideen aldeko borroka instituzionalizatu egin dela eta, emakumeon zapalkuntza gainditzeko, ikuspegi iraultzailea galdu egin dela ohartarazi zuen Itaiak: "Guk balioan jartzen ditugu milaka emakumek gure eskubideen alde egindako borroka eta ahalegin guztiak; are gehiago, horrek guztiak eskubide kolektiboak eskuratzeko eta emakumeon askapenaren aldeko kontzientzia hedatzeko balio izan zuen".
Antolakunde sozialistaren ustez, feminismoaren baitako sektore batzuek gizartearen eraldaketa integrala alboratu dute: "Emakume langileon zapalkuntza eta genero diskriminazioa betikotzen duen gizarte-egituraren aurka borrokatu beharrean, posizio elektoralei eta norbanakoaren eraldaketari eta horrek gizartean eragiteari eman zaio garrantzia".
Norabidea eta bi erronka nagusi
Itaiarentzat beharrezkoa da, "emakume langileon emantzipazio osoa lortzeko, gehiengoaren ongizatean eta berdintasunean oinarrituko den botere-eredu berri bat" eraikitzea; "Estatu Sozialista eraikitzea, hain zuzen". Izan ere, "sozialismoak, marko kapitalistetatik eta programa erreformistetatik haratago alternatiba politiko bat proposatzen" duela aldarrikatu zuen; "guztiontzako kaliatezko bitartekoak eta zerbitzuak bermatuko dituen gizarte bat, emakumeok inolako zapalkuntza sozialik eta kulturalik jasango ez duguna".
Norabide horretan, Itaiak emakume langileentzako tresna politiko iraultzailea izan nahi du, eta bi erronka nagusi definitu ditu: "Batetik, ahalik eta emakume langile gehien antolakuntzara batzeko eta gure problematika zentroan jartzeko, emakume langileon fronte iraultzailea berrosatzea, interes ekonomikoetatik eta agenda instituzionaletik kanpo. Eta, bestetik, ideia erreakzionarioen eta faxisten aurkako borrokan, emakumeok lehen lerroko agente politiko izatea".
Proposamen politikoa, emakume langileen askapena oinarri
Itaiarentzat "urgentziazkoa" da emakume langileen interesak erdigunean jarriko dituen proposamen politiko bat mahaigaineratzea; "emakume langileon problematika lehen lerroan jarriko duena" eta "egunerokoan jasaten dugun zapalkuntza bakoitzari aurre egiteko borrokak martxan jarriko dituena, emakume langileon esplotazioaren aurka, matxismoaren aurka eta emakumeon eskubideen alde".
Hortaz, emakume langileen zapalkuntza gainditzeko bide-orri politiko bat garatzeari ekin dio antolakundeak, eta bide horretan, emakumeen emantzipaziorako gakoak garatzeko konpromisoa hartu du. Berehalako lanerako hainbat oinarri markatu ditu jada, dena den: indarkeria matxistari aurre egitea, guztiontzako kalitatezko lan-baldintzen alde egitea, zaintza-lanen sozializazioaren alde jardutea, emakume langileon gorputzen salerosketari kontra egitea, eta kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den abortuaren alde ekitea.
Martxoak 8
I. Kongresua bukatuta, Itaiak hurrengo hitzordu bat dauka esku artean dagoeneko: Martxoaren 8a. Aurtengo Emakume Langileon Nazioarteko Egunean ere Euskal Herriko herri ugaritan mobilizatuko da, Emakume langileok askatzeko, batu borrokara lelopean.
Martxoaren 8a borroka-eguna dela nabarmenduz, aldarrikapenak desitxuratzen dituzten horiek seinalatu ditu berriz: "Ezin dugu inolaz ere onartu Emakume Langileon Nazioarteko Eguna erakundeen eta enpresen agenden baitako egun protokolario bat izatea. Borroka egun batek ez luke kontsentsua bilatzeko izan behar, eta ezin du gizartearen batasun abstraktua bilatu. Kontrara, gure pobreziaren arduradunak, erasotzaileak, garaikur edo objektu gisa tratatzen gaituztenak zein gure aldarrikapenak edukiz husten dituztenak seinalatzeko eguna da".