ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Ibraheem Abu Mustafa/Reuters
2023/10/30 14:39

Izua eragiten du sionistak palestinarren kontra egiten ari diren sarraskiak, eta beldurgarriak dira masakre hori erakusten duten datuak: urriaren 7tik hona, Gazako Zerrendan, 8.306 palestinar erail ditu Israelek, eta horietatik 3.457 ziren haurrak. Zaurituak ere milaka eta milaka dira; 21.048, azken datuen arabera.

Ezinezkoa badirudi ere, gainera, azken egunetan are gehiago biziagotu dituzte bonbardaketak sionistek. Eta argi erakutsi dute hilaren 17an Al-Ahli ospitalean egindako sarraskia, besteak beste, erabat berariazkoa izan zela: atzo, esaterako, Al-Quds ospitaletik gertu misilak jaurti zituen Israelek, modu jarraian, erietxe hori ere husten saiatzeko.

Mehatxu gehiago egin dituzte sionistek, bestalde: Zentro Kultural Ortodoxoa eta Patriarka Greziar Ortodoxoaren eskola bonbardatuko dituela esan dute (guztira, 1.500 errefuxiatu inguruk hartu dute babes bi toki horietan), eta Gazako iparralde osoan eskuorriak bota dituzte, palestinarrek lur horietatik alde egiteko "ultimatum" modura.

Eta eromen horren erdian, sionistek erabat blokeatuta eta itxita daukate Gaza. Argindarra, ur hornidura, erregai hornidura, ekipamendu eta baliabide medikoen bidalketa eta abar erabat moztuta ditu Israelek, eta telekomunikazio-bideak eta Internet konexioa ere behin eta berriz eteten dizkiete.

Militar sionistek eraso lurretik ere

Azken egunetan izan diren mugimenduekin, badirudi Gazara lurretik sartzeari ere ekin diotela sionistek. Israelgo Lehen ministro Benjamin Netanyahuk asteazkenean esan zuen zehaztuta zeudela Gaza lurretik erasotzeko eguna eta ordua, eta "sartze selektiboak" egin dituzte ordutik sionisten gerra-ibilgailuek. Ostiralean baieztatu zuen Netanyahuk iritsi dela lurreko erasoaldia.

Palestinar erresistentziak gogor erantzun die militar sionisten saiakera horiei. Gazako Zerrendako iparraldean, adibidez, (Jabalian, Beit Hanounen edota Beit Lahian) borroka gogorrak izan dira soldadu sionisten eta erresistentziako palestinarren artean.

Gaur bertan jakinarazi dutenez, israeldarren tankeek aurrera egiten jarraitzen dute Gazako Zerrendan barrena. Antza, Gaza hirira gerturatu dira jada; zehazki, Salahedingo errepidera. "Ofentsiba areagotu egingo da gerrako etapen eta helburuen arabera", adierazi du Daniel Hagari Israelgo Armadako bozeramaileak.

Hamasek Gazan daukan buruak, Yahya Sinwarrek, asteburuan azaldu du prest daudela preso israeldarrak aske uzteko, sionistek preso dituzten palestinarrak aske geratuz gero.

Zisjordanian ere, indarkeria gora

Sionistek palestinarren kontra egindako eraso sistematikoak, baina, ez dira Gazako Zerrendara mugatzen: Zisjordanian ere areagotu eta gogortu da biolentzia Israelgo indarren partetik, Jeninen esaterako. Bonbardaketak, gazte palestinarren erailketak, errepideen eta eraikinen suntsiketa eta eraisketa, soldaduak indarrez etxeetara sartzea, eta abar. Libano bonbardatzen ere jarraitzen du Israelek.

NO HAY COMENTARIOS