Herenegun muntatu zituzten Txozna Gorriak Txantrean (Iruñerria, Nafarroa), EH Bilduk gobernatutako udalaren debeku politikoari aurre eginez. Auzoko festetako lehen egunaren balantze osoa, baina, honakoa da: "Ehunka pertsona debekatutako txoznak aurrera ateratzeko txandak egiten; iraultzaren eta antolakuntzaren aldeko leloak eta esaldiak auzoan zehar; elkartasun-kamisetak han eta hemen; gutxienez 20 identifikatu Txozna Gorrietan parte hartzeagatik; poltsen eta motxilen erregistroak; eta Espainiako Poliziaren eta Iruñeko Udaltzaingoaren mehatxuak behin eta berriz".
Izan ere, asteazken goizaldean, jaietako aurreneko egunean, udalak udaltzainak bidali zituen Txozna Gorrietara. Bertan zeudenak identifikatu eta mehatxatu zituzten. "Jaiak luzeak eta gogorrak izango direla dirudi, udalak jaiak tentsionatzea erabaki baitu", azaldu zuten atzo jaigune horren antolatzaileek.
Gertatzen ari dena ikusita, dei egin zieten auzokideei eta auzoko kolektiboei "posizionatzera", baita Txozna Gorriei eta horiek aurrera ateratzen ari direnei elkartasuna adieraztera ere. "Eskubideak murrizten ari diren honetan, beste aldera begiratzea eskubideak murrizten jarraitzea onartzea da", esan zuten prentsaurrekoan.
"Aldaketaren gobernuak" Txozna Gorrien kontrako debekua eta antolatutako gazteriaren aurkako jazarpena mantentzen dituela salatzeaz gain, atzo, Maiatzaren Lehena gogoan, euren "hautua berresten" dutela azpimarratu zuten bertako kideek: "Gure klasearen eskubideen defentsan tinko jarraituko dugu". Horiek horrela, adierazi zuten jaigunea mantenduko dutela: "Guk hemen jarraituko dugu, debekuak debeku, oztopoak oztopo; Polizia bidalita ere, hemen izango gaituzue, Txozna Gorrietan, gure auzoko jaiak antolatzen".