ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Firstpost
2025/05/30 08:55

Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak atzo adierazi zuenez, Amerikako Estatu Batuek aurkeztu duten su-etenerako proposamenak "ez du gure herriaren eskaeretako bat ere betetzen", eta, gaur egun, Gazako Zerrendan "sarraskiak eta goseak jarraitzea" baino ez du bermatzen, Basem Naim mugimenduko kide politikoak Reuters agentziari azaldu dionez.

Donald Trumpen administrazioko ordezkari berezi Steve Witkoffek helarazi zuen proposamena, eta Egiptoren eta Qatarren babesa du, Al Jazeera-ren esanetan. Oraindik ez dute plan horren testu osoa argitaratu, baina badirudi hasiera batean 60 eguneko iraupena izango lukeen su-eten baterako proposamena jasotzen duela. Eten horretan, Hamasek 28 gerra-preso israeldar (hamar bizirik eta hemezortzi hilda) askatuko lituzke, 1.236 preso palestinar aske uztearen truke (biziarteko kartzela-zigorrera kondenatutako 125 preso barne) eta 180 gorpu entregatzearen truke.

Reuters-ek eta Haaretz-ek aipatutako zirriborroak aurreikusten du, bestalde, Gazara laguntza humanitarioa berehala bidaltzea, Hamasek akordioa sinatu ondoren. Hala ere, palestinar erresistentziako buruek jakinarazi dute proposamenak ez duela aurreikusten erasoaldia amaitzea, tropa israeldarrak erretiratzea eta palestinarrek laguntza humanitarioa modu librean eskuratu ahal izatea.

Israelgo Gobernuak dagoeneko onartu du testua, aplikatu eta lehen egunetik konfrontazioak behin betiko eteteko negoziazioak hastea aurreikusten omen duena; eta, akordio bat lortuz gero, "Trumpek gerraren amaiera formalki deklaratuko luke" teorian. Hala ere, dokumentuak ez du berme loteslerik zehazten sionisten okupazio-tropak erretiratzeko, ezta palestinarrek laguntza humanitarioa mugarik gabe izateko ere. "Hamasek jaso duen gauza bakarra Trumpen adierazpen bat da, aldeek akordioa errespetatzeko konpromisoa dutela eta negoziazioek gatazkaren konponbide iraunkorra ekar dezaketela esanez", dio Haaretz-ek.

Qatar, Egiptorekin eta AEBekin batera bitartekarietako bat dena, Hamasi presioa egiten ari zaio akordioa onar dezan. AEBetako gerra-preso israeldar bat askatu ostean, "Etxe Zuria orain harberagoa" dela uste du Dohak. Hala ere, negoziazioek porrot egiten badute, Hamaseko buruek mesfidantza agertu dute Trumpen rolarekiko.

Martxoaren 18an Israelgo Estatuak azken su-etena hautsi zuenetik, entitate sionistak Gazako erasoaldia areagotu du, 4.000 pertsona gehiago erailez eta baieztatutako biktima palestinarren kopurua 54.000 baino gehiagora igoz, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Biztanleria zibilak, laguntza behar bezala jasotzea eragozten duen blokeo baten pean egonik, gosete-egoera kritiko bati aurre egin behar dio. Blokeo hori maiatzaren 19an partzialki arindu bazen ere, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak berak "koilarakada txiki" gisa kalifikatu du sionistek baimendu duten laguntza, Gaza famelikoak pairatzen dituen behar humanitarioen tamainarekin alderatuta.

NO HAY COMENTARIOS