Hamahiru Arrosek, erregimen frankistak 1939an fusilatutako Gazteria Sozialista Bateratuetako (JSU) hamahiru militante gazteek, Madrilen dute hilobia, baina eraso faxista bat jasan du joan den asteburuan. Izan ere, Sarah Santaolalla analista politiko eta telebistako tertuliakideari zuzendutako heriotza-mehatxuz bete dute oroigarria.
Santaolallak berak X sare sozialean salatu duenez, Almudenako hilerriko monumentuan "RIP" siglak pintatu dituzte, bere izenarekin batera. "13 Arrosen hilobia bandalizatu dute, nire aurkako heriotza-mehatxuak eginez. Ez da kasualitatea: faxismoari aurre egiteagatik eta ez makurtzeagatik eraildako emakumeak. Benetako izua sentitzen dut".
Mehatxua ez da leku sinboliko batean soilik gertatu, analistaren aurkako jazarpenak gora egin duen testuinguru batean baizik. Ordu batzuk lehenago, Santaolallak salaketa bat jarri zuen Vito Quiles agitatzaile faxistaren aurka, RTVE-ren estudioetatik etxera jarraitu izanagatik. "Vito Quiles Espainiako telebistan sartu nahian, ni jazartzeko. Prado del Reyko instalazioetan dago, nire sarrera- eta irteera-ordutegiari buruz galdezka, eta, oraintxe bertan, Mercedes beltz batetik segika", azaldu zuen X-n. Ondorengo bideo batean, Quiles bere etxeko atarian zain zegoela kontatu zuen, beste bi lagunekin batera, eta horrek jazarle faxista salatzera eraman zuen zuzenean.
Santaolallaren aurkako gertakari matxista batek ere markatu zuen aste hori. Cuatro kateko En Boca de Todos saioan, Elisa Vigil Madrilgo Asanbladako PPko diputatuak analistaren galdera bati erantzun zion, baina bere analisiak gutxietsiz eta bere fisikoaz eta janzteko moduaz trufatuz: barre egin zuen Sarahren "kokoak" zirela-eta, bere bularrei erreferentzia eginez.
Bideo batean, gertaera horiek guztiak lotu ditu Santaolallak, finantzatutako indarkeria-kanpaina bat salatuz. "Hau jazarpena da, hau indarkeria faxista da", dio tertuliakideak. Gainera, zuzenean aipatzen ditu instituzioak: "Jazarpen hori finantzatzen ari dira. Propaganda eta jazarpen faxista hori PPren eta Voxen gobernu autonomikoak ordaintzen ari dira. Finantzaketa publikoa ezin da gorroto indibidualerako izan", adierazi zuen.