Pasa den asteburuan, gutxienez bi eraso matxista izan dira Euskal Herrian, Galdakaon (Bizkaia) bata, eta Gasteizen (Araba) bestea. Ostiralean jazo zen lehenengo erasoa, 19:00ak aldera, Galdakaon: gizonezko batek bikotekide ohiari egin zion eraso, arma elektriko batekin. Emakumeak salaketa jarri ostean, epailearen aurrean deklaratu zuen erasotzaileak, eta kargurik gabe utzi zuten aske. Urruntze agindu bat ezarri diote.
Bigarren erasoa Gasteizen izan zen, Alde Zaharreko etxebizitza batean zehazki. Eraso
bakarra izan beharrean, baina, tratu txar jarraituez mintzo gara kasu honetan. Larunbatean izan
zen honen berri, Gasteizko Udaltzaingoa emakume baten etxera bertaratu zenean bere jabetzaren inguruko jakinarazpen
bat helarazteko. Une horretan, bere
jarrera zela-eta (urduritasun orokortua eta etengabeko negarra), etxetik jaitsiarazi zuten udaltzainek, eta hala jakinarazi zuen emakumeak tratu txarrak jasaten ari zela. Erasotzailea atxilotu zuten orduan; 27 urte ditu.