ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Economista
2024/09/24 09:34

MasOrange enpresa-taldeak (duela hainbat hilabete batu dira Orange eta MasMovil konpainiak) udaren amaieran iragarri zuen kaleratze masibo bat Espainiako Estatuan. Esan zuen 795 langile inguru bidaliko dituela kalera eta hainbat atal desagerraraziko dituela, tartean, Euskal Herriko adarra (Euskaltel, 2021ean MasMovilek bere egin zuena).

Badirudi, azkenean, Orangen bi filiali eragingo diela gehien talde-kaleratzeak: Orange Españako (OSP) 521 behargin botako ditu MasOrangek, eta Orange España Comunicaciones Fijaseko (OSFI) 33. Bestalde, MasMovilen parte diren 241 langile botako dituzte denera: Xferako 141, Euskalteleko 39, R-Telecableko 35 eta Lorcako 26. Madrilen izango dira kaleratze gehien; ia %80, hain zuzen ere.

8.000 behargin inguru barne hartzen ditu MasOrange enpresa-talde berriak. Espainiako Gobernuak ontzat eman zuen taldearen sorrera, baina, teorian, baldintza bat jarri zion: horrek langileen lanpostuetan ez eragitea. MasOrangek ez du baldintza hori bete, baina gobernuak ez du bere kontrako neurririk iragarri.

Bihar izango da sindikatuen eta enpresako zuzendaritzaren arteko hurrengo bilera. Zuzendaritzak modu adoretsuan dio "borondatezko" kaleratzeak bilatu nahi dituela, eta euren lanpostuak uzteko prest daudenak kanporatuko omen dituztela lehenengo.

Enplegu-erregulazioko espediente bat Altsasuko Sunsundeguin

Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui enpresak ere iragarri du neurri bat: aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat (ERTE, gazteleraz) sartuko du indarrean. Plantilla ia osoari eragingo dio, 300 langile ingururi, alegia. Gutxienez hiru hilabeteko iraupena izango du neurriak.

Ekoizpenari eutsi ahal izateko "likidezia falta" argudiatu du zuzendaritzak, espedientea ezarri behar izateko. Itxura denez, ia 50 milioi euroko zor bat metatu du, eta hartzekodunen aurrekonkurtso batean sartu du enpresa jadanik. Kontu-ikuskaritza enpresa batek egindako txostenaren arabera, Sunsundegui "errentagarria" izan dadin, "plantilla berregokitu" beharko du.

Autobusak eta karrozeria ekoizten dituzte lantegian, eta 1944tik dago martxan; Irunen (Gipuzkoa) sortu zen, eta Altsasura tokialdatu zen gero.

NO HAY COMENTARIOS