Hainbat greba egunetara deitu zuten Beti ON telelaguntza-zerbitzuko langileek; zehazki, martxoaren 21erako, 24rako, 28rako eta 31rako, bai eta apirilaren 4rako, 9rako, 11rako, 25erako eta 30erako ere. Grebari ekin zioten atzo, beraz, eta ostegunean berriro mobilizatuko dira. Eguerdiko 12:00etan Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute.
Sindikatuen arabera, sei negoziazio-mahaitan hartu dute parte langileek, baina enpresak "proposamen atzerakoiak" besterik ez ditu aurkeztu eta, gainera, negoziazioak oztopatu ditu. Antza, zuzendaritzak negoziazioak luzatu nahi ditu, "lizitazio-baldintza berriak atera arte". Hori ez ezik, aurten gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituztela azpimarratu dute, greba ahultzeko ahaleginean.
Beti ON telelaguntza-zerbitzua Tunstall Televida, GSR eta IMQ enpresa-batasunak kudeatzen du, eta etxez etxeko arreta zerbitzua da. Eusko Jaurlaritzak hornitzen du eta 41 milioi euro jasotzen ditu urtean.