Zabalik daude oraindik Michelin enpresako lan-itunari buruzko elkarrizketak, baina zuzendaritzak aurkeztutako azken proposamenak ez ditu aintzat hartu langileen ordezkariek egindako eskariak: lau urteko epean soldatak %27 igotzea eskatu zuten sindikatuek, eta %12ko igoera baino ez du eskaini enpresak. %5eko igoera bat egongo litzateke 2023an, %3koa 2024an, %2koa 2025ean eta %2koa 2026an.
Hala, protestei ekin diete beharginek. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) lantokian gaur jo dute grebara, langile batzordeak deituta. Lau egunez luzatuko dute lanuztea; bihar, igandean eta astelehenean egingo dute greba. Astelehenean, gainera, manifestazio bat egingo dute arratsaldean. 500 pertsona inguruk jarduten dute Lasarte-Oriako lantegian.
Gasteizko (Araba) Michelineko langileek ere iragarri dituzte protestak: hurrengo astean egingo dute greba; ekainaren 5ean, 7an, 10ean eta 12an, hain justu. ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek egin dute deialdia, baina CCOOk dauka gehiengoa langile batzordean. Gasteizko lantokian 3.000 langile inguru aritzen dira.