ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Twitterretik hartutakoa
2022/03/30 16:08

Espainiako Estatuak Venezuelan duen Kontsulatu Nagusiaren aurrean dago Asier Guridi iheslari politikoa, eta atzo, martxoaren 29an, gose greba hasi zuen berriz. Bere nortasun juridikoa aitor diezaiotela exijitzen du; izan ere, bederatzi urte daramatza "heriotza zibil" egoeran. Oraindik ez du lortu Espainiako Estatuaren pasaporterik, ez eta Venezuelako zedularik ere. "Hori gabe, eskubide zibil eta politikoak kentzen ari zaizkit", azaldu du oñatiarrak.

Conare Errefuxiatuen Batzorde Nazionalak 2021ean aitortu zion errefuxiatu politiko izaera Guridiri —2013an eskatu zuen—, baina pasaporterik eta zedularik gabe jarraitzen du. Salatu duenez, gainera, dagoeneko egin du ordainketa Espainiako Estatuak pasaporte bat egin diezaion, baina ez diote eman. "Espainiako Estatuaren mendekua da, ahalik eta kalte handiena eragiteko", dio errefuxiatuak.

Bere egoera juridikoak, gainera, semeari eragiten dio zuzenean. Euskal Herrian dago haurra, baina legez kontrako egoeran.

Guardia Zibilak 1992an atxilotu zuen Guridi Oñatin (Gipuzkoa), eta torturatu egin zuten Antiguoko (Donostia, Gipuzkoa) kuartelean. Hainbat sabotaje ekintzatan parte hartzea leporatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta bost urtez eduki zuten preso Ceutan. 1997an irten zen aske, baldintzapean.

Hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina helegitea aurkeztu zuen oñatiarrak. Prozesu horien zain zegoela erabaki zuen erbestera alde egitea, 2001ean, besteak beste, jasaten ari zen jazarpena eta Euskal Herrian bizitzen ari zen egoera politikoa zirela-eta.

NO HAY COMENTARIOS