ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / SHOK
2024/06/17 10:57

Aurreko asteazkenean, milaka lagun batu ziren Argentinako Senatu aitzinean, Buenos Airesen, egunean zehar eztabaidatzekoa zen lege-proiektuaren aurka protesta egiteko. Oinarrien Lege (Ley Bases, gazteleraz) edota "desegite-proiektu" (proyecto de desguace, gazteleraz) gisa izendatu duten lege-proiektua iazko abenduan aurkeztu zuen Javier Mileiren gobernuak, baina hautsak harrotu zituen eta ez zuen nahikoa babes izan.

Joan den ekainaren 13an, berriz, senatariek lege-proiektua onartu zuten, abenduko proposameneko 664 artikuluetatik 432 kendu ondoren. Senatuko presidenteordearen botoak hautsi du berdinketa, aurkako 36 eta aldeko 37 boto jaso baititu neurri sortak.

Bien bitartean, protestak egin zituzten Senatuaren inguruko kaleetan, eta milaka lagun batu ziren horietara. Lege-proiektuaren inguruko 11 orduko eztabaida igaro artean, Argentinako Poliziak gogor erreprimitu zituen manifestariak: salatu dutenez, 30 pertsona atxilotu eta dozenaka zauritu zituzten polizia-indarrek.

Oinarrien Legea

Mileiren gobernuaren lege-proiekturik garrantzitsuena da Oinarrien Legea deiturikoa. Estatuaren gastu publikoari murrizketa sakon bat ezarri nahi diote, laneko legeria desarautzearekin eta inbertsio-funts handiei bide egitearekin batera. Modu horretan, pribatizazioak ere bultzatuko dituzte zenbait esparru estrategikotan: Intercargo airelinea eta Enarsa energia-hornitzailea pribatizatuko dituzte. Erregaien eta hidrokarburoen esplorazioaz, ustiaketaz, garraioaz eta biltegiratzeaz arduratzen den enpresa-publikoa da bigarrena. 

Lan-erreformari dagokionez, "enplegatzaileak" are gehiago babestuko ditu lege berriak, eta kontratazio "informala" sustatuko du. Legez kanpoko lana zigortzeko neurriak kenduko dituzte eta, beraz, lan "ez-erregistratua" indartuko dute. Sindikatuek salatu dutenez, kaleratzeak "merkatuko" ditu bestalde erreformak, eta milaka langile egon daitezke euren lanpostua galtzeko arriskuan.

Enpresen pribatizazioa, lan- eta erretiro-prestazioak txikitzea edota energia-sektoreko "pizgarriak" bultzatuko ditu legeak, besteak beste. Gazteleraz RIGI deritzon proposamenak aurrera egin du, gainera, atzerriko edota bertako inbertsioak erakartzeko asmoz: datozen 30 urteetan inbertsio handiak sustatzeko asmoa du gobernuak, horretarako, 200 milioi dolarrekoak baino handiagoak diren inbertsioak aurreikusita.

Zehaztu dutenez, energia-sektorera, nekazaritzara eta meatzaritzara (litioaren ustiaketa barne hartzen duena, zeina ugaria den Argentinan) bideratuta dago azken neurri hori. Nazioarteko Diru Funtsak (FMI, gaztelerazko sigletan) begi onez ikusi du lege-proiektua, eta 800 milioi dolarreko kanpo-finantziazioa lortu du Argentinako Gobernuak.

Kaleak "garbitu" ditu Patricia Bullrichek

Esan bezala, aurreko asteazkenean milaka lagun bildu ziren protestetan: lege-proiektuaren aurka atera ziren kalera, eta erantzuna gogorra izan zen. Goizean goiz Senatuaren inguruko kaleak itxi zituen Poliziak, eta 10:00etan ekin zioten neurri sortari buruzko eztabaidari senatarien artean. Dena den, eguerdian hasi ziren liskarrak Buenos Airesko Kongresuaren Plazan.

Tentsioa handitu zen egunak aurrera egin ahala, eta legea onartu zela jakinarazi zutenean, poliziek gas negar-eragileak erabili zituzten manifestarien kontra. Gomazko pilotak ere jaurti zituzten. Manifestariek erasoari erantzun zioten, barrikadak ipiniz eta harriak jaurtiz.

Patricia Bullrich Segurtasun ministroaren lana zoriondu zuen gobernuburuak, "kalea garbitzen ari den ministro handiari" erreferentzia eginez. Hori gutxi balitz, harago ere joan zen Milei: "terroristatzat" jo zituen lege-proiektuaren aurkako protestetan parte hartzen ari ziren pertsonak.

NO HAY COMENTARIOS