Global Sumud Flotillak, korridore humanitario bat ezartzeko helburuarekin Gazako Zerrendara laguntza daraman nazioarteko solidarioen taldeak, hainbat eraso koordinatu salatu ditu asteazken honetan, 00:30ean. Bertako kideek leherketak entzun zituzten nazioarteko uretan nabigatzen ari den konboiko gutxienez bost itsasontzitatik, eta horren berri eman zuten sare sozialen bidez. Lau-bost egunean iritsiko da Gazara ontzidia.
Beren lehen larrialdi-komunikatuaren arabera, droneek "identifikatu gabeko objektuak" jaurti zituzten zenbait ontzitara, substantzia kimikoez gain. Bitartean, ontzidiaren komunikazioak interferitzen ari ziren. Ontzidiko kideek salatu dute "eraso psikologiko" bat izan dela, Israelgo Estatuak Gazan ezarria daukan blokeoa hausteko asmoz martxan den misioa beldurtzeko eta geldiarazteko helburuz.
Hainbat ontzitan izandako leherketak ikusten dira lekukoek sare sozialetan zabaldutako bideoetan. Hala ere, berretsi dute eraso- eta sabotaje-taktikek ez dutela talde humanitarioa beldurtzea lortu, eta Gazarantz joateko erabakia mantentzen dutela: "Intimidazio saiakerek Palestinako herriarekin dugun konpromisoa indartzen dute". "Alarma piztu behar dugu eraso egiteari utz diezaioten, eta mundu guztiaren laguntza behar dugu", zioen Thiago Avila kideak.
Nazioarteko
aktibistek eta herrialde askotako boluntarioek osatzen dute ontzidia,
eta estatu kolonialak ezarritako blokeoari aurre egiteko nabigatzen
ari da. Blokeo horrek gizakiari ezar dakizkiokeen
baldintza muturrekoenetan mantentzen ditu Gazako biztanleak.
Zazpi hamarkadatik
gorako kolonizazioa bere gain daraman herri palestinarraren aurkako
ekintza kriminal horiei, gainera, ontzi solidarioen aurka aurrez izan diren erasoen historia gehitu behar zaie, nazioarteko itsas-zuzenbidea sistematikoki urratzen baitute sionistek. Paper bustia izan ohi da hori, urraketak egiten dituztenak baitira Mendebaldeko interes inperialistak Ekialde Hurbilean babesten dituztenak.
Ageriko arriskua gorabehera, Global Sumud Flotillak bere norabideari eta erabakitasunari eusten dio nabigatzen jarraitzeko eta Gazara laguntza eramateko. "Ez gaituzte isilduko. Gure zeharkaldiarekin jarraituko dugu ", adierazi dute ontzidiaren ordezkariek, eta argi utzi dute nazioarteko erresistentziak eta elkartasunak ez dutela etenik izango zapalkuntzaren eta basakeriaren aurrean.