ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / @nestorpa99 (X)
2025/10/01 22:21

Errealitate bat da jada: Global Sumud Flotilla, Israelgo Estatuak Gazako Zerrendan ezarritako blokeoa hausteko asmoz Palestinarantz abiatu zen nazioarteko ontzidia, blokeatu egin dute indar sionistek. Asteazken goizean sartu zen "arrisku-eremutzat" jotakoan, eta gau horretan itxi diete bidea.

Dena den, antolakuntzak azpimarratu duenez, ez dituzte oraingoz ontzi guztiak gelditu. 44 zihoazen Gazara misioan eta gehienak hartu ditu bere kontrolpean Israelgo Estatuak (ostegun goizeko 11:00ak baino lehen ziurtatu dute 39 ontzi geldiarazi dituela jada), baina gutxi batzuek (bi dira, antza) Gazara bidean jarraitzen dute. Itsasontzi guztiek ez dute oraindik euren posizionamenduari buruzko informazioa eguneratu.

Ontzidiaren antolakuntzak esan du Gazako uretan arrakastaz sartzea lortu duela ostegun goizean Mikeno ontziak. Francesca Albaneseren arabera, baina, Israelgo Estatuak itsasontzi handiak, txalupa azkarrak eta parapenteak bidali ditu Zerrendako kostalderantz jarraitzen duten ontziak harrapatzeko. 

Oraindik ez dago erabat garbi zein den Palestinaren aldeko misioko tripulatzaileen egoera. Hasieran hainbat komunikabidek zioten Israelgo Estatuko agintaritzek dena prest zutela nazioarteko 500 ekintzaileak Ashdodeko portura eramateko eta bertan atxilo hartzeko, eta 600 polizia-agente zeudela bertan zain.

Asteazken gaueko gertakariak

Gaueko 20:00ak baino lehen eman dute abisua otzidiko kideek. Geldiaraziak izan aurretik aktibatu dute urgentziazko protokoloa, eta argitaratutako hainbat iruditan, Alma ontziko jendea ikus daiteke kubiertan. Itxura denez, armada sionistak ekintzaileei agindu die norabidea alda zezatela, Gazarantz beharrean, sionisten kontrolpeko Ashdod porturantz joateko.

Nestor Prieto kazetariak azaldu du Israelgo indarrek irrati bidez esan dietela "minutu batzuen buruan abordatuko" zutela ontzidia, eta bitartean, drone ugari zeudela ingurua kontrolatzen. Abisu hori eman bezain pronto agertu dira bi itsasontzi israeldar erraldoi, "mugimendu zirkularrak eginez". Ia 20:30ak ziren jakinarazi dutenean irrati-komunikazioak moztu dizkiotela ontzidiari.

20:45ak pasatxo argitaratu du La Sexta-k misioko bi ontzi gutxienez, Alma eta Sirius, asaltatu dituztela jada indar sionistek. Hainbat iturriren arabera, gauerdira arte luzatuko da operazioa; eta agintaritza sionistek gaineratu omen dute, "inork akatsik egiten ez badu", "kalterik gabe" amaituko dela esku-hartzea.

21:00etarako, ontzidiko lau ontzi nagusiak zeuden armada sionistaren kontrolpean. Italiako La Republica egunkariak dioenez, indar israeldarrak ura erabiltzen ari dira misioaren kontra, tripulatzaileak beldurtzeko eta nahasteko.

Protestak hasi dira nazioartean

Global Sumud Flotilla blokeaturik zegoela argitara atera bezain pronto hasi dira erantzunak nazioartean. Italian, esaterako, greba orokor batera deitu dute ostiralerako. Asteazkenean zehar, gainera, ikasleek hainbat fakultate okupatu dituzte ontzidiarekin elkartasunez, Erroman edo Paduan kasu. Berlinen, jendetza atera da kalera gauean: tren-geltoki nagusiaren bueltan bildu dira manifestariak, Palestina Hoy atariak jaso duenez.

Parisen, Madrilen nahiz Bartzelonan ere piztu dira protestak. Bartzelonan, adibidez, Israelgo Estatuaren kontsulatu aurrean mobilizatu dira hainbat eta hainbat pertsona, CGT sindikatuak aditzera eman duenez.

[Albistea eguneratzen ari gara]

NO HAY COMENTARIOS