ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/29 15:25

Malandrinoseko (Grezia) espetxean gatibu duten Giannis Michailidis preso politiko anarkista osasun egoera kritikoan dago, 69 eguneko gose grebaren eraginez. Maiatzaren 23an protestari ekin zionean 73 kiloko pisua zuen, eta gaurko egunez ez da 55 kilo izatera iristen. Azken orduetan "hipogluzemia larria" jasan du, une batetik bestera hiltzeko arriskuarekin. Leihorik gabeko gela batean erabateko isolamenduan giltzapetuta dute Michailidis. Ez diote senideekin, kideekin edota lagunekin harremanik izaten uzten; ezta medikuarekin ere.

Greziako legeari kasu eginez, Michailidisek aske egon beharko luke honezkero, eta justuki, horixe da gose greba egiteko arrazoia. 20 urteko espetxe zigorraren hiru bostenak bete dituen arren, eta ihesaldiagatik ezarri zioten zigor gehigarriaren beste bi bostenak beteta ere, epaileek birritan ukatu diote baldintzapeko askatasuna. Greziako anarkistek gogora ekarri dutenez, 2008ko abenduan Alexis Grigoropoulos hamabost urteko gaztea tiroz hil zuen polizia, aldiz, aske utzi dute berriki.

"Prebentziozko espetxealdia, ihesaren zigor gehigarria eta lege-hutsuneen bidez nire aurka egin dituzten ekintza arbitrario guztiak geldiaraztea erabaki dut, espetxean zortzi urte eta erdi egin ondoren", adierazi zuen maiatzean. "Hautu hau, horrenbeste desio dudan askatasunaren motibazio sakonarekin, orain arte egindako hautuen koherentzia berberaz babestuko dut", gaineratu zuen. "De facto, heriotza kondena ezarri diote", salatu du Greziako mugimendu libertarioak. Ondorioz, aginte judizialari ohartarazi diote Michailidis askatzeko erabakia atzeratu edo ukatzea "estatu hilketa" izango litzatekeela.

Presoaren borrokak mobilizazio ziklo bat piztu du, Grezia osoan zein nazioartean. Atzo bertan, uztailaren 28an, Atenaseko Syntagma plaza nagusian manifestaziora deitu zuten mugimendu anarkistak eta parlamentuz kanpoko bestelako eragile politiko batzuek. Polizia manifestarien aurka gogor oldartu zen, borrekin, ur-txorrotadekin, gas negar-eragilearekin eta kolpeekin. Manifestari batzuek ziurtatu dutenez, "zaurituak eragiteko agindua" jaso omen zuten poliziek. Mugimendu anarkistak, kontrara, manifestazio gehiago antolatu ditu eta telebista-platoak okupatu ditu. Elkartasun Iraultzailerako Zelulak izeneko taldeak, berriz, Epaitegi Goreneko presidenteordearen etxebizitzaren aurkako ekintza bat egin du.

NO HAY COMENTARIOS